Itxi

telebista

19:00etatik aurrera

Rikardo Arregi sariak, gaur, zuzenean, ETB4n eta eitb.eus-en

EITB

Xabier Lete izango dute gogoan. Bi sari nagusi emango dira, biak 9.000 eurokoak. Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" eta "Albiste Faktoria" saioak eta "Ene Kantak" proiektua izendatuen artean daude.

  • Xabier Lete

    Xabier Lete. Argazkia: EITB

ETB4k eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute gaur Andoaingo Bastero kulturgunean egingo den Rikardo Arregi Kazetaritza sarien banaketa ekitaldia. 19:00etatik aurrera hasiko da eta Gorka Otaegik egingo du telebistan ekitaldiaren kontakizuna.

"Xabier Lete gogoan" izenburupean, ekitaldiak Xabier Lete hartuko du gogoan haren heriotzaren hamargarren urteurrenaren atarian. Leteren lana aitortu eta eskertzeko bere kantuak eskainiko dituzte, zuzenean, Joxan Goikoetxeak, Klara Mendizabalek, Pettik eta Antton Valverdek.

32. edizioa da aurtengoa, eta, iaz hasitako berrikuntzei jarraikiz, aurten ere bi sari izango dira: "Kazetaritza saria" eta "Komunikazio saria". Finalisten artean, Kazetaritza saria atalean, Berria-ko "Koronabirusaren azken datuak" atala egin duen lantaldea, Miel Anjel Elustondok Berrian argitaratutako "Tonban ehortzirik" elkarrizketa alegiazkoen sorta; Arantxa Arzak eta Felix Zubiak Euskadi Irratian egiten duten "Osasun Etxea" irratsaioa; eta Euskadi Irratiko "Albiste Faktoria" irratsaioko lantaldea aukeratu dituzte.

Komunikazioa saria mailan, berriz, izendapena lortu dute "Egunean Behin" jokoa, CodeSyntaxek sortua; ETB3 eta 3 klubarekin lotura duen "Ene Kantak" proiektua; Arteman, Lur eta Amets filma zabaltzeko egindako komunikazio lanagatik; Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus musika taldea, Urmuga proiekturako egindako iragarkiarengatik.

Zortzi kide izango ditu aurtengo epaimahaiak: Mikel Arregi (epaimahaiko burua), Jose Inazio Basterretxea, Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Maite Goñi, Elixabete Larrinaga, Ion Muñoa eta Jon Sarasua. Patxi Baztarrika dute idazkari. Haiek izendatuko dituzte sarien irabazleak.