telebista
Durangoko Azoka
Durangoko Azokari arreta berezia eskainiko dio EITBk
EITB
Abenduaren 4tik abenduaren 8ra bitartean, EITB taldeko komunikabide guztiak buru-belarri arituko dira lanean Azokaren 55. edizioaren berri emateko.
-
Durangoko Azokan murgilduko da EITB. EITBren bideo batetik ateratako irudia
EITB taldeko hedabideek Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 55. edizioaren jarraipen zabala egingo dute.
Abenduaren 4tik 8ra, EITB taldeko komunikabide guztiak (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria Gaztea eta eitb.eus) buru-belarri arituko dira eguneko gertakari nagusien berri emateko.
Telebistako edukietan presentzia nabaria
Azokaren irekiera egunean, "Ahoz Aho" saioko Iban Bengoetxea bertara gerturatuko da zuzeneko konexioak egiteko. Gerediaga Elkarteko Izaskun Ellakuriarekin elkarrizketatuko dute, Bagara dantza taldeko kideekin egongo dira eta Eñaut Elorrieta musikariarekin ere solasean arituko dira.
Horrez gain, astelehenean, abenduak 7, Gerediaga Elkarteko Nerea Mujikarekin egongo da Ilaski Serranok eta Saioa Martijak gidatutako saioa.
"Biba Zuek!" saioan, berriz, Durangoko Azokaren harira diskoa edo liburua kaleratu duten abeslari, talde eta idazleak elkarrizketatuko dituzte Azokak iraun bitartean.
Astelehenen gauean, Irati Sarasua kazetariak aurkeztuta eta gidatuta, aurtengo edizioa nolakoa den ikusiko dugu "Herriaren Taupada: Durangoko Azoka" saio berezian. Landako guneko aurtengo irudiak erakutsi eta egileekin hitz egingo dute.
Beste gonbidatu batzuen artean, Gerediaga elkarteko presidenteak, Nerea Mujikak aurtengoa bizi dugun eta garai zailetara nola egokitu duten azalduko du, eta atzera begira bat egiteko ere tartea izango dute.
Itziar Ituño eta Eneko Sagardoy aktoreak ere Durangoko Azokaren garrantziaz arituko dira, eta azokak berak beraiengan duen eraginaz hitz egingo dute.
Bestetik, Durangoko Azokaz eta sortzaile ezberdinek aurkezten dituzten lanez jardungo dute, baita kulturak izan duen urte gogorraz ere. Pandemiak sektore guztietan izan du eragina, eta kultura ez da kanpoan geratu. Halaber, hainbat galderei erantzuna ematen saiatuko dira, ea kultura zein egoeratan zegoen pandemia iritsi aurretik, zein egoera bizi duen orain eta ea gonbidatuek etorkizuna nola ikusten duten.
Hala, kultura arloko hamaika aurpegi ezagun azalduko dira asteleheneko saioan: Karmele Jaio idazlea, Unai Iturriaga bertsolaria, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Joxe Mari Agirretxe (Porrotx), Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Mikel Urdangarin musikaria, Ritxi Aizpurua Baga-Biga diskoak ekoiztetxekoa, Mikel eta Esti Markez musikariak, Nøgen musika taldea, Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzailea, Euskadi Irratiko Mailu Odriozola, Asisko Urmeneta ilustratzailea eta Bulego eta Gatibu musika taldeak.
Hausnarketez gain, Landakoko irudiek garrantzia berezia izango dute saioan, Landako eraberritua egongo da aurten, eta izango duen irudi hori erakutsiko dugu, eta barruko giroa. Aurtengo Azokaren irudia eta herritarrek izandako erantzuna zeintzuk diren ikusiko dugu.
Urte grisari kolorea emango dioten egunak izango dira, kulturari dagokionez, eta kolore horiek guztiak erakutsiko dituzte saioan.
"Bidegurutzean" saioaren aurrestreinaldia
Abenduaren 8an, Durangoko Azokaren programazioaren baitan, "Bidegurutzean" musika saio berria ere aurkeztuko du EITBk. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan izango da, Landako Gunean. Aurkezpenaren ostean, lehenbiziko atalaren emanaldia eskainiko da. Gune horri dagokion streaming kanalaren bidez ere izango da ikusgai, zuzenean.
Musika izango da "Bidegurutzean" saioaren ardatz nagusia. Euskal Herriko hainbat musikariren elkargune izatea du helburu nagusi; hemengo musikariei ikusgarritasuna eman, eta ikusleei euskal musikaren argazki osatuago bat eskaintze aldera. Formatu berritzailea dakar saioak; bidegurutzea eta grabaketa kabina bat.
"Bidegurutzean" programako atal bakoitzean hiru gonbidatu egongo dira (taldeak nahiz bakarlariak), adin, ibilbide eta esperientzia-maila desberdinekin. Gonbidatu bakoitzari elkarrizketa bat egingo zaio telefono kabinan, gero kantu propio bat grabatuko du bertan, eta azkenik, hiru gonbidatuek bakoitzaren kantu bat abestuko dute elkarrekin. Off ahotsean grabatutako narrazio laburrek egingo dute gonbidatuen arteko zubi-lana.
Lehen atalean Izaro, Gari eta Skakeitan taldea izango dituzte protagonista nagusi.
ETB2ko saioei dagokienez ere, arreta berezia jarriko dute "En Jake" eta "Qué Me Estás Contando" saioek.
Bi saioak Durangorekin zuzeneko konexioak egingo dituzte giro berezia azaltzeko eta elkarrizketak egiteko, bai musikari, sortzaile eta idazleekin, eta baita gerturatzen diren bisitariekin ere. Horrez gain, Azoka amaitzearekin batera, abenduaren 9an, antolatzaileekin batera aurtengo edizioaren balorazio bat egingo dute.
Albistegiek ere tarte berezia eskainiko dio Durangoko Azokari. Egunero, izan diren gertakari nagusiak jasotzeaz gain, sortzaile eta bisitariekin elkarrizketak eskainiko dituzte aurtengo edizioaren berri emateko.
Irratietan ere, jarraipen zabala
Urtero legez, aurten ere Durangoko Azokari jarraipen berezia egingo diote EITB taldeko irratiek. Online bada ere, Landako gunean gertatzen ari dena bertatik bertara ezagutuko da Mailu Odriozola eta Juan Ramon Martiarenari esker. EITB irratietako kultur taldeko bi kazetariek, albistegietan eta Kultura.eus eta "Kultura leihoan" gertatzen ari denaren berri emango digute.
Irratsaioei dagokionez aldiz, "Faktoria" eta "Boulevard" edota "Graffiti" eta "Baipasa"n, Durangoko azokaren inguruan sortzen diren gaiak izango dituzte presente beren edukietan.
Euskadi Irratia zein Radio Euskadiko albistegietan Arantxa Atutxa, Gerediaga elkarteko gerentea elkarrizketatuko dute abenduaren 4an. Ondoren, "Boulevard" albistegian eta "Faktoria Magazina" saioan, ateen irekieraren berezitasuna azalduko dute Landako gunetik. Beste urteetako argazkiarekin zerikusirik izango ez badu ere, Landako aurten ere disko eta liburuz beteta izango da.
Horrez gain, Gazteako lantaldeak zuzeneko konexioak eta elkarrizketak egingo dituzte Azokako protagonistekin irratiko saio nagusietan.
eitb.eus ere Durangoko Azokan murgilduta
Aktualidadeari dagokionez, aurtengoan bertatik bertara ikusi eta kontatuko dugu egoera berrira moldatutako Durangoko Azoka nolakoa izango den. Hainbat sortzaileren lanari begiratuko dio xeheki: Harkaitz Cano eta Garazi Ugalde, Munduko Poesia Kaierak lanaren idazleak, Korrontzi eta Xabier Amuriza, Rafa Rueda, Oihane Amantegi… Streamingez eskainiko ditugu Platerueneko eta Landakoko emanaldi-aurkezpenak.
Bestalde, Durangoko Azokak irauten duen bitartean saio bat ekoiztuko du eitb.eus-ek Azoka Telebista egitasmoarekin elkarlanean. Edizio berezi honen egunerokoa izango da eta sortzaileak aurrez aurre jarriko ditugu, egoera honetan dituzten bizipenak ezagutzeko.
Landako Gunean egingo diren liburu, disko, proiektu eta ikus-entzunezkoen aurkezpenak eta Plateruenan eskainiko diren musika emanaldiak izango dira saioaren ardatz nagusia. COVID-19 gaitzak behartuta ezarritako mugak eta salmenta digitalak sortutako antolaketa berriak ere aipagai izango dira.
Azoka Telebista Durangoko Azokaren babesean abiatutako elkarlan egitasmoa da. Goiena Telebistako lantaldea da kudeatzailea eta EITB hasieratik egon da sustapenean.
Saio berezia larunbatetik asteartera bitartean, abenduaren 5etik 8ra, emango da, egunero, gaueko 21:00ak aldera, ETB1en eta eitb.eus-en.