Itxi

telebista

22:30ean

"Eusten: mina eta itxaropena COVID-19 garaian" saio berezia, gaur gauean

EITB

Astearte gaueko saioak Hedoi Etxarte, Luistxo Fernandez, Aintzane Muguruza, Karmele Jaio, Bingen Zupiria, Felix Zubia eta Bernardo Atxaga izango ditu protagonista.

0:28
Fermin Etxegoien eta Hedoi Etxarte

Gaur gauean, 22:30etik aurrera, "Eusten: mina eta itxaropena COVID-19 garaian" saio berezia eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en. K2000 ekoiztetxearen lan horretan, Fermin Etxegoien aritu da zuzendari, gidoilari eta aurkezle lanetan, eta Euskal Herriko hainbat aurpegi ezagunei egindako elkarrizketak izango dira saioaren muina.

"Eusten: mina eta itxaropena COVID-19 garaian" saioan bidaide izango ditugun lagunak aski ezagunak dira Euskal Herrian. Azaroan azaldu zioten Fermin Etxegoieni nola ari diren egoera honi eusten, minez eta itxaropenez.

Hedoi Etxarte idazle, poeta, musikari, pentsalari eta Katakrak liburu denda eta aretoko sortzailea izango da saioak hartuko duen lehen protagonista. Elkarrizketa egin zitzaion unean, bere aita ZIUn zegoen, koronabirusaren ondorioz.

Luistxo Fernandez, Aintzane Muguruza eta Eneko bizi diren etxean ere izan gara, Donostiako Errotaburu auzoan. CodeSyntax enpresako sortzailea da Luistxo, eta aurten Rikardo Arregi Komunikazio saria irabazi dute Egunean Behin joko telematikoari esker. Aintzane Muguruza komunikazio adituak covidean positibo eman zuen urrian. Beraien  seme Enekok autismoa du.

Nerea Reparaz kazetaria aski ezaguna da gure pantailetan. Parisen berriemaile genuen, eta orain Bakion bizi da, Thibaud eta Emma alaba jaio berriarekin batera. Parisen zela jakin zuen haurdun zegoela, izurritea hastearekin batera. Otsailaz geroztik bizitakoaren berri emango du kazetariak.

Aurtengo Euskadi Literatura saria Karmele Jaio Gasteizko idazleak irabazi du, Aitaren Etxea eleberriari esker. Karmelek, haatik, badu lehendik beste eleberri eder bat, Amaren eskuak.

Horrez gain, Fermin Etxegoienek hainbat galdera egingo dizkio Bingen Zupiria Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari: ea gizartea biluzik egotearen arrazoia birusa den eta ea sistema bera kolokan dagoen, besteak beste.

Felix Zubiarekin ere egongo da saioa. Sendagilea da Donostiako ospitalean, zaintza intentsiboetan, eta saio bat ere badu Euskadi Irratian, "Osasun etxea" izenekoa. Gainera, aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza saria lortu du.

Bernardo Atxaga idazleari ere elkarrizketa mamitsua egingo dio saioak, bere Zalduondoko etxean.

Hainbat kontu izango ditu hizpide saioak gonbidatu guztiekin. Birusa ez da luzaroan joango gure artetik, eta ekonomiaren porrotak oso arrakala bortitza eragin dezake gizartean. Horren aurrean, zenbait gai landuko ditu saioak: anabasaren beldur al garen, arima zerk arintzen digun eta loa zerk eragozten digun, besteak beste.

"Eusten: mina eta itxaropena COVID-19 garaian" saio berezia gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.