Itxi

telebista

Estreinaldia

'Vaya Semanita, Cambio Radical' astelehenean estreinatuko da

Javier Anton, Iker Galartza, Maribel Salas, Yannick Vergara, Miriam Cabeza, Iñigo Salinero, Yago Mateo, Ivan Villanueva, Iñaki Ardanaz eta Mauro Muñizek osatuko dute aro berri honetako aktore taldea.

01:16
'Vaya semanita, cambio radical'

Astelehenean, azaroaren 14an, estreinatuko da ETB-2n 'Vaya Semanita, Cambio Radical' saioa. Aktore berriak eta istorio berriak ekarriko ditu egun aldaketa ere badakarren saioak. Aurrerantzean astelehenetan emango da, 22:00etan. Gaur goizean ETBren Bilboko egoitzan egin den aurkezpen ekitaldian Joselu Blanco ETBko Programa eta Programazio buruak eta Javier Garcia de Vicuña saioaren zuzendariak eman dute denboraldi honetako aldaketen berri.

Javier Anton eta Iker Galartza aktoreek programan jarraituko dute. Pertsonaia guztiz berri eta dibertituak hezurmamituko dituzte. Iker Galartza baserritar homosexuala izango da, adibidez, eta Javier Antonek striper-arena egingo du. Maribel Salas, saioaren lehen garaitan ikusi genuen aktorea, taldean izango da berriro. Besteak beste, Koro Echevarria hamaika ebakuntza izan dituen emakumea bilakatuko zaigu.

Yannick Vergara Barakaldoko aktorea, halaber, izango da 'Vaya Semanita'n. 'Goenkale'n egin zen ezagun aktore gaztea. Fisikako unibertsitate lizentziatuarena egingo du eta ikasketak amaitu ondoren lanik topatzen ez duenez, arropa denda batean lan egiteko itxuraldatu egingo da. Beste molde bateko pertsonaiak ere egingo ditu, jakina.

Yago Mateo gaztetxoa ere hartu dute. 'Go!azen' telesail musikalean Landa izan zen aktoreak zeharo aldatuko du erregistroa. Besteak beste, Alvaro Iturralde 'Cálvaro' gisa aurkeztuko du bere burua.

Miriam Cabezak ere eskarmentu ugari du aktore gisa. 'Mi Querido Klikowsky' saioan Dolores izan zen azken boladan. Goreti Goierriko ileapaintzailea izango da orain, besteak beste.

Beste batzuk ere izango dira: Mauro Muñiz, umorista, aktore eta gidoilaria. Ezaguna da telebistan 'Muchachada Nui' eta 'Museo Coconut' saioetan ikusi baitugu. Iñaki Ardanaz aktore nafarra, berriz, zenbait telesail espainiarretan ikusi ohi dugu eta gustura dago erronka berriaren aurrean.


Azkenik, Iñigo Salinero Araban antzerkigintzan aski ezaguna den aktorea ere erakarri dute taldera. Gorka Uribarri egtzaina-rena eginez barre araziko gaitu. Berarekin batera, Ivan Villanueva bizkaitarra hamaika lagun ezberdinetan bihurtzeko prest dator.

Fikzioa nagusi

Era guztietako pertsonaiak, erraz ezagutzen direnak, osatuko dute 'Vaya Semanita'ko unibertsoa. Istorio eta esketx ezberdinetan sartuko diren pertsonaiak izango dira. Istorio guztiek jarraipena izango dute.