Itxi

telebista

22:00etan

'Ez gaude konforme, Lourdes eta hamaika lore' ikuskizuna, gaur gauean, "Oholtzan"en

EITB MEDIA

Ondoren, Ezpela dantza taldeak bere 50. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldia eskainiko da.

0:10
'Ez gaude Konforme, Lourdes Iriondo eta hamaika lore' ikuskizuna

Gaur gauean "Oholtzan" saioak bi ikuskizun eskainiko ditu ETB1en eta eitb.eus-en: Ez gaude konforme, Lourdes eta hamaika lore eta Ezpelak 50 urte.

Lehenengo, 22:00etan, Ez gaude Konforme, Lourdes Iriondo eta hamaika lore ikuskizuna eskainiko da. Andoaingo Bastero kulturgunean antolatutako ikuskizuna da, Agurtzane Intxaurragak zuzenduta, Ez dok Amairuko sortzaile ezaguna izan zen Lourdes Iriondoren heriotzaren 15. urteurrenean antolatutako omenaldia. Iriondok jende aurreko lehen emanaldia Andoainen eman zuen, ikastolaren alde egin zen kantaldi batean, 1964ean.

Diziplina anitz bilduko dituen ikuskizunak, eta emakumeen partaidetza zabala izango du: abeslariak, musikariak, dantzariak, idazleak, guztiak ere, Lourdesen antzera, sormenaren bideari gogor eutsi dioten emakumeak. Ekitaldian Olatz Salvador, Paule Bilbao eta Josune Arakistain abeslariek; Antton Valverde pianista eta abeslariak; Alaia Martin bertsolari eta aurkezleak; Noemi Viana, Myriam Perez Cazabon, Oihana Vesga eta Oinkari dantza taldeko dantzariak; Idoia Hernandez pianista; Bihotz taldeko txalapartariak, eta Easo abesbatzak hartuko dute parte.

Ondoren, Ezpelak 50 urte ikuskizuna eskainiko du "Oholtzan" saioak. Ezpela dantza taldeak bere 50. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldia da, eta adin desberdinetako 200 herritarrek hartzen dute parte ikuskizunean. Belaunaldi ezberdineko dantzari eta arizaleek Ezpeletako leku desberdinak deskubriarazten dituzte, oholtza gaineko hitz, soinu eta urrats desberdinek lagundurik. Bidaia eder bati esker, Xerrendatik, Basaburutik, Pleka plazatik etxean barna ibilarazten dute ikuslea, ohiko dantza eta sorkuntzen artetik.