Itxi

telebista

Oihana Jauregik aurkeztuta

El Hierro uharteko sumendia hizpide, aste honetako 'Teknopolis'en

A.H.

EITB

Amuarrainen populazioa Gipuzkoako ibaietan errekuperatzeko ekimenez ere arituko dira.

  • 'Teknopolis', Oihana Jauregi. Argazkia: EITB

    'Teknopolis', Oihana Jauregi. Argazkia: EITB

El Hierro uharteko sumendiaren gorabeherak direla-eta, UPV-EHUko Miren Mendia geologoa elkarrizketatu dute aste honetako 'Teknopolis' saioan. Bizkaiko kostaldean izan dira berarekin, Barrika inguruan, eta han eman zuen geologoak Kanariar uharte horretan gertatzen ari denaren berri.

Bestalde, ibaietako zenbait arrain espezien populazioa berreskuratzeko enborren erabilpenak izan dezakeen funtzioa aztertuko du saioak. Izan ere, azken urteotan amuarrainen populazioak behera egin du erreka askotan. Araxes ibaia horren adibidea da, 10 amuarrainetatik 8 desagertu egin baitira. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV-EHUk elkarlana abiatu dute amuarrainen populazioaren gainbeherari buelta emateko: amuarrainen errulekuak ugaritu egingo direlakoan, enborrak bota dituzte ibaira. Ekimen bitxi hori nola eraman duten aurrera eta zergatik abiatu duten jakingo du 'Teknopolis'ek.

Amaiatzeko, Larretxea aizkolari nafarraren eskutik, aizkoraren inguruan dagoen teknologia erakutsiko du Nagore Rementeriak. Izan ere, duela egun batzuk Oronoz Mugairin izan zen Nagore, Donatoren entrenamendu-zentroa ezagutzen.

'Teknopolis' larunbatean dago ikusgai 21:00etan ETB-1en eta igandean 11:15etik aurrera ETB-2n eta 15:30ean ETB-1en. ETB-3n asteazkenetan ematen da 23:20ean.