Itxi

telebista

6. atalaren aurrerapena

Tentsioa gorenean Atabey taldean, gaur gauean, "El Conquistador del Caribe"n

Talde berdeko kideak geroz eta bananduago daude; urdinen artean, Juan eta Herrantxi tiraka daude, eta gorriek, ostera, oreka handia dute. Taldeen egoera parekatu da jada, tirolinaren jokoaren atarian.

  • Andrea eta Durana, hitz egiten

    Andrea eta Durana, hitz egiten. Argazkia: EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

"El Conquistador del Caribe" saioaren seigarren atalean, Atabey taldeko giroa gori-gori dago. Hainbat lehiakidek ezin dute elkar jasan, eta egoerak okerrera egin du Saioak hainbat lata utzi zizkiolako Andreari, gutxi batzuren artean bana zitzan. Horrek, noski, hautsak harrotu ditu. Gainera begi-bistakoa da Atabey taldeko kideen arteko harmoniarik eza, eta, hortaz, Duranak, bai ala bai, liskarrak albo batera utzi eta taldea batu beharko du hurrengo jokoa irabazi eta kiderik ez galtzeko.

Talde urdinak, bestalde, baditu konpondu beharreko hainbat kontu. Juanek eta Herrantxik gerra bertan behera utzi beharko dute, azkeneko dueluan bergararrak izan zuen jarrera ez baitzen Juanen gustukoa izan. Seletak kapitain papera ondo bete beharko du oraingo honetan, bere taldean ordena berrezartzeko.  

Horrela, hiru taldeen arteko aldea nabarmen gutxitu da. Gorriek lehen immunitate jokoa irabazi zuten eta berdeek agur esan behar izan zioten Saioari. Beraz, gehiago parekatu dira hiru taldeak eta lehia inoiz baino interesgarriago dago Los Haitisesen. Aukera ezin hobea da honakoa Yocahu taldearentzat. Azken garaipenaren ostean, inoiz baino batuago daude eta talde lana erakutsi nahi dute hurrengo immunitate jokoan; tirolinaren jokoan, "El Conquistador" saioan unerik gogoangarrienak utzi dizkigun proban, hain zuzen.

"El Conquistador del Caribe" saioa astelehenero ikus daiteke, gaueko "Eguraldia"ren ostean, ETB2n eta eitb.eus atarian, 22:30etik aurrera. Horrez gainera, atal guztiak EiTB Nahieranen eta EITB Mediaren gainerako euskarri digitaletan daude eskuragarri.