Itxi

telebista

22:15ean

Pantaila eta sare sozialen menpekotasuna aztergai, gaur, "Aquí y Ahora" saioan

EITB Media

Pantaila eta sare sozialen gehiegizko erabilpenak gure gaitasunetan duen eragina aztertuko du 'Pantallas y redes sociales, la nueva adicción' erreportajeak.

  • Eider Hurtadok zuzentzen du "Aquí y Ahora" saioa.

    Eider Hurtadok zuzentzen du "Aquí y Ahora" saioa. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.

"Aquí y Ahora" saioak Patallas y redes sociales, la nueva adicción erreportajea eskainiko du gaur gauean. Pantaila eta sare sozialen gehiegizko erabilpenak gure gaitasunetan duen eragina aztertuko du Eider Hurtadok zuzentzen duen saioak; izan ere, arazo kognitiboak eta nahasmendu mentalak eragin ditzake. Pertsona bakoitzak, batez beste, hirurehun aldiz begiratzen du mobila; zein eragin du horrek? Nerea Reparaz kazetariak bildutako datuetan oinarrituko da erreportajea, eta, besteak beste, gazteek pantailen aurrean eta sare sozialetan igarotzen duten ordu kopuru handia erakutsiko du.

Umeek ere pantailen estimuluetatik ihes egiten ez dutela ziurtatuko dute saioan. Gurutz Linazasoro neurologoak eta Matxalen Abasolo psikologoak pantailen erabilerak umeengan izan dezakeen eragina aztertuko dute. Hala ere, bizi dugun eztanda teknologikoa ikerketa zientifiko eta teknologiaren eragina aztertzeko teknikak baino azkarrago garatzen ari da.

Bestalde, industria teknologikoak erabiltzaileak erakartzeko dituen mekanismoak aztertuko dituzte saioan. James Williams Google konpainiako langile ohiak zabor digitalez hornitzen gaituztela azalduko digu, eduki horien gaineko menpekotasuna garatu dezagun. Pablo Garaizar ingeniari informatikoak, bere aldetik, sare sozialak makina txanponjaleekin konparatuko ditu: erabiltzaileak palankatik tira egin eta eduki aleatorioak ikusten ditu. Tarteka, haren publikazioak ere gehitzen ditu, "like"ak jasotzeak sortzen duen pozaren truke. Horrela, dopamina askatzen dugu: menpekotasuna garatzeko lehen pausoa.

Hala ere, erabilpen teknologikoak ez du zertan kaltegarria izan, jakintza hedatzea ahalbidetzen duelako. Alex Rayón Deustuko Unibertsitateko adituak algoritmo digitalen funtzionamendua azalduko du, eta, publizitatean diru gehiago irabazteko helburuarekin, algortimo horiek polarizazioa sustatzen duten fake diskurtsoak promozionatzeko balio dutela erakutsiko du.

Amaitzeko, Interneteko idolo berriak hartuko ditu saioak hizpide. Ume eta gazte youtuberrak dira, influentzia handia dute eta milioika euro irabazten dituzte. Zer-nolako balioak hedatzen dituzte? Jarraitu beharreko ereduak dira? Psikologo eta adituak hain azkar famatu bilakatu diren youtuber horiei jarraitzearen ondorioez arituko dira. Besteak beste, Andorrara ihes egin duen youtuber ezagunaren kasua izango dute hizpide.

"Aquí y Ahora" saioak Pantallas y redes sociales, la nueva adicción erreportajea eskainiko du gaur, martxoak 21, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.