Itxi

telebista

''El Conquis''en 16. atala

Daviden estrategiak Leire Basañezen ametsak zapuztu ditu

EITB Media

Cacata taldearen garaipena lortzeko asko ahalegindu da David, Julianek pikarokeriaz jokatzeko ohartarazi dion arren. Azkenean, Cuyaya taldearekin itzuli da eta taldekide bat galdu dute dueluan: Leire.

  • Leire taldekideei agur esaten

    Leire taldekideei agur esaten. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

David Secoren taldea ez dago bere unerik gorenean, ezta gutxiagorik ere. Beste immunitate joko bat galdu dute, eta horrekin batera, dueluan taldekide bat kanporatu dute. Leire Basañezek agur esan dio "El Conquistador del  Caribe" saioari, unama askatzeko duelua galdu ondoren. Lehia estua izan da, hori bai. Nahia hasieratik joan da buruan, baina abantaila hori nabarmen gutxitu da azken zatian, soka bustia zeramala indarrak agortu baitzaizkio, eta orduantxe hartu dio aurre Duquek. Leire, berriz, azkena izan da proba osoan, baina segundo gutxigatik galdu du, eta horrek amorru handia eman dio. Negarrez hasi da lehiaketatik at zegoela konturatu denean.

Hain justu, Leirek berak aurkeztu du bere burua duelura joateko. Bilbotarrak Cuyaya taldean ezer gutxi egin izanaren irudipena zuen, eta taldekideek, aukera baliatuta, Leire izendatu dute, jakin bazekitelako Cacata taldeak Duque aukeratu zuela. David Secok, bere aldetik, Nahia bidali du duelura, lehiakide indartsutzat duelako, eta hala, beste taldekide bat ez galtzea espero zuelako erabaki horrekin.

Eta busturiarrak asmatu egin du; ez, ordea, immunitate jokoan. Zirkulu formako tramankuluan bultza egiteko jokoan Cacata taldearen garaipena lortzeko ahaleginak egin ditu; izan ere, kapitainek taldez aldatu dute joko honetan, eta Julianek behin baino gehiagotan ohartarazi dio pikarokeriaz jokatzeko.  

Egia esan, talde beltzak nagusitasunez jokatu du hasieratik, eta Aitorrek pikantez beteriko kipula gordina osorik jan du. Davidek, ikurrina eskuan, erruletari tira egin eta sari ederra lortu du: txokolatea eta rona. Baina jarraian, Cuyaya taldearekin itzuli da, eta, horrenbestez, agur esan behar izan dio kanpamentu aberatsari.

Cuyaya taldekoak, bestalde, ez dira oso fin aritu. Enekorekin igaro duten denboran, informazio gehiegitxo eman diote Cacata taldearen kapitainari; gastroenteritisa dela eta, ahulduta dagoela aitortu dio Duquek, Olatzek duelura joan zela esan dio… Arerioentzat datu baliagarriak dira oso, datozen izendapenetan kontuan hartzeko modukoak.

Ikusteko dago horrek guztiak ez ote duen David Secoren taldea gehiago hondoratuko. Agian, Cacata taldekoei irabazteko gai izango dira hurrengo jokoan. Beltzek, baina, bi lehiakide gehiago dituzte, eta kanpamentu aberatsean atseden hartu eta jateko aukera izan dute.

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, aplikazio berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.