Itxi

telebista

20:00etan

Joseba Arguiñano Maurgan izango da, arratsaldean, "Historias a Bocados" saioan

EITB Media

Arabako Zigoitia udalerriko 17 kontzejuetako bat da. Han Amparo, Maite, Nuria eta Marisa ezagutuko ditu.

  • Joseba Arguiñano Maite Maurgako bizilagunarekin, aurpegian maskara jarrita.

    Joseba Arguiñano Maite Maurgako bizilagunarekin. Argazkia: EITB Media

Gaur, maiatzak 9, Maurga bisitatuko du Joseba Arguiñano sukaldariak ETB2ko "Historias a Bocados" saioan. Arabako Zigoitia udalerriko 17 kontzejuetako bat da Maurga, eta tontor batean kokatuta dago. Handik Arabako Lautadaren zati handi bat ikus daiteke, eta Euskal Herriko mendi ezagun eta altuenetako batzuk ere: Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aratz, Gasteizko mendiak eta Toloñoko mendilerroa.

Amparok erakutsiko dio luxuzko "sky-line" hori, inguruetarik ibilaldia egin ostean. Gasteiztarra da Amparo, baina 23 urte daramatza Maurgan, egun landa-apartamentuen kudeaketan. "Haizatu" izena du lekuak, garai batean bertan zegoen eraikuntzan leihoak ireki eta, haize korronteen indarrez, alea lastotik bereizten baitzuten. Istorio hauek guztiak eta gehiago kontatuko dizkio Josebari, Arguiñanok apartamentuetan bertan kozinatzen duen bitartean: Orburuak urdai eta urdaiazpikoarekin, odolkiarekin eta arrautza-gorringoarekin. Ondoren, elkarrekin dastatuko dute platera.

Maite ere ezagutuko du Maurgara egindako bisitan. Aita arabarra eta ama alemaniarra, Mexikon jaio zen bera. Gurasoak komikoak izanda, furgonetan batean bizi zen hainbat urtez, gurasoekin; zazpi urte zituela, baina, familia Gopegira itzuli zen, aitaren jaioterrira. Orain Maurgan bizi da Maite, eta bertan jarri du nahi bere bio-kosmetika laborategia, jatorri naturaleko materialez egindako kosmetikako etxeko eta artisautzako produktuekin. Jateko, sopa azteka prestatuko dio Josebari, eta elkarrekin dastatu ere. Azkenik, algekin egindako aurpegirako maskara ere jarriko dio Josebari.

Arguiñanok ezustekoa hartuko du igandeko saioan, 80 biztanleko herri batean boutique bat aurkituta. Nuriarena eta Marisarena da arropa-denda, eta inguruko eskualdetik eta Gasteiztik bertatik ere joan ohi dira bertara emakumeak arropa erostera. Nuriak eta Josebak perretxikoen nahaskiaz gozatuko dute dendako lorategian, eta saioa bukatu aurretik beste sorpresa batekin ere egingo du topo sukaldariak: Nuriak eta Marisak autobus batean muntatu duten "arropa-denda mugikorra".

"Historias a Bocados: Maurga" gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.