Itxi

telebista

Zinema

Gure zinemako produkzio onenen estreinaldi esklusiboak, maiatzean, ETBn

EITB Media

"La Noche De..."k hiru estreinaldi eskainiko ditu: 'La trinchera infinita' maiatzaren 11n, 'El silencio de la ciudad blanca' 18an, eta 'El hoyo' hilaren 25ean. EITBk hiru filmetan hartu du parte.

  • 'La Trinchera Infinita' filmaren irudia.

    'La Trinchera Infinita' filmaren irudia.

Euskal Telebistak gure zinemarik onenaren eskaintza ezin hobea prestatu du udaberri honetarako. Maiatzean zehar, asteartero, "La Noche de…"k hiru ekoizpen euskaldun arrakastatsu estreinatuko ditu: "La trinchera infinita" maiatzaren 11n, "El silencio de la ciudad blanca" 18an, eta "El hoyo" hilaren 25ean. Hiru filmen artean, 68 izendapen eta 33 sari dituzte. Felix Linaresek "La Noche de…" zinema saioa eskainiko die filmei, bakoitzaren emanaldiaren aurretik.

EITBk hiru filmetan parte hartu du eta komunikazio taldeak zinemarekin duen konpromisoa sendotuz joan da urtez urte. Zinemaren aldeko apustu sendoa egin du EITBk azken hamarkada honetan, eta ikus-entzunezko sektorearen kolaborazioari esker, zine eta telebista ekoizpen egonkorra posible izan da, betiere, kalitatezko proiektu bideragarrietan oinarrituta.

ETB2ko "La Noche de..." saioa erreferentziazko zinema saioa da Euskadin eta harrera bikaina izaten ari da. Besteak beste, astearteko saioak, maiatzak 5, lidergoa lortu zuen bere ordu tartean, % 15,1eko audientzia zatiarekin, eta 226.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan. 25 urteko ibilbide luzearekin, Felix Linaresek aurkeztutako saioak, aurtengo denboraldian, % 11,3ko audientzia zatia eskuratu du bataz beste.

"La trinchera infinita", maiatzaren 11n

Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, "Handia" eta "Loreak" film arrakastatsuen sortzaileak, "La trinchera infinita" pelikularen zuzendariak dira. Kasu honetan, Gerra Zibilaren eta gerraostean euren etxeetan ezkutatu behar izan ziren aktibisten benetako istorioetan oinarritu dira filma sortzeko. Kartzelan edo fusilatuta amaitzearen beldurrez, ezkutatzea erabaki zuten askok eta askok. Baina hasieran behin behineko irtenbidea izango zena 30 urtez luzatu zen. Antonio de la Torre eta Blanca Cuesta dira aktore protagonistak.

Benetako gertakari horietan oinarrituta, Higinio Blancoren istorioa birsortu du "La trinchera infinita"k. Gerra Zibila hasten denean bere bizitza mehatxatuta ikusiko du Higiniok eta bere etxeko zoruan egindako zulo batean ezkutatuko da, haren emazte Blancaren laguntzarekin. Beldurrak eta bien arteko maitasunak 30 urte luzatuko den itxialdi batera kondenatuko ditu bi protagonistak.

"La trinchera infinita"k harrera bikaina izan zuen eta 44 izendapenetik 21 sari jaso zituen. Horien artean, honakoak dira aipagarrienak: Donostia Zinemaldian lortutako lau sariak, zuzendaritza onena eta gidoi onena barne; bi Goya sari, emakumezko aktore onena Belen Cuestarentzat eta soinu onenaren saria; pelikula onenaren Forqué saria; Belen Cuestarentzat emakumezko onenaren Feroz saria, eta Europako Zinemako EFA saria, makillaje eta ile apainketa onenari.

Filmaren emanaldiaren ondoren, ETB2k Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako "Loreak" filma eskainiko du. 2018an Oskar sarietara joateko hautagaitza lortu zuen filmak Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea ditu aktore protagonistak.

'El silencio de la ciudad blanca', maiatzaren 18an

"El silencio de la ciudad blanca" Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarraren "La ciudad blanca" trilogiaren lehen eleberrian oinarritutako thriller dramatikoa da. Belen Rueda eta Javier Rey aktoreak dira Daniel Calparsorok zuzendu eta Gasteizen filmatu zen pelikularen protagonistak.

2016an, 20 urteko neska-mutil batzuen gorpuak biluzik agertuko dira Katedral Zaharrean. Javier Rey aktoreak Unai Lopez de Ayala perfil kriminaletan aditua den polizia inspektorearen papera egingo du, eta 20 urte libre daramatzan hiltzaile erritualaren bila hasiko da. Ikerketa kriminalean, Estibaliz (Aura Garrido) inspektorearen eta Alba (Belen Rueda) komisariordearen laguntza izango du. Gainera, duela 20 urteko hilketengatik kondenatutako presoak (Alex Brendemuhl) polizia ikerketan laguntzeko eskainiko du bere burua. Krimenen segidak eta sare sozialen jazarpenak mugara eramango dute Unai, hiltzaile aldakor eta bihozgabearen bilaketan.

Gasteizko 17 toki ezberdinetan egin zen filmaren grabazioa. Andre Mari Zuriaren plazako bigarrren zenbakian bizi da filmaren protagonista, eta bertatik hiriko jaietako hainbat eszena filmatu zituzten, Txupinazoaren egunean eta Farolen prozesioan. Filmean agertzen diren eraikin eta toki nabarmenenak dira, besteak beste, Burulleria plaza, Katedral Zaharra, Harategien kantoia, Erdi Aroko hesia, Etxanobe lorategia, San Migeleko balkoia, Kordoi Etxea eta San Martineko bulegoak.

Halaber, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta eitb.eus-ek Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarraren "La ciudad blanca" trilogiaren hainbat ale zozketatuko dituzte, "El silencio de la ciudad blanca" filma estreinatzearekin batera.

"El hoyo", maiatzaren 25ean

Galder Gaztelu-Urrutia zinegile bilbotarraren lehen pelikula da "El hoyo", suspensez beteriko beldurrezko film distopikoa.

Hainbat maila dituen kartzela bertikal berezi batean girotuta dago. Maila bakoitzean bi pertsona daude eta egunero janariz beteriko plataforma bat jaisten da. Maila bakoitzean, segundo batzuk besterik ez da geratzen eta preso bakoitzak behar duena edo nahi duena hartu dezake. Modu horretan, behean dauden presoak goikoen soberakinekin konformatu behar dira eta beheko mailetara ez da ezer ailegatzen. Gure gizartearen alegoria honek inplikazio politiko, sozial eta erlijiosoak ditu eta hausnarketa egitera bultzatzen gaitu.

Ivan Massague, Zorion Eguileor eta Antonia San Juan aktoreak dira filmaren protagonistak, eta bai estatu mailan zein nazioartean harrera bikaina izan du ikus-entzunezkoak, Netflix plataforma digitala ikusgai den 190 herrialdeetan, pelikula ikusienetariko bat izateraino. Benetako zinema fenomenoa izan da Gaztelu-Urrutiaren lana, eta 24 izendapen eta 12 sari jaso ditu. Horien artean, nabarmenenak Torontoko jaialdiko Midnight Madness ataleko publikoaren saria, Sitgeseko jaialdian lortutako lau sariak (Pelikula onena, zuzendari nobel onena, efektu berezi onenak eta publikoaren saria), eta efektu berezi onenen Goya saria 2020ko edizioan.