Itxi

telebista

Abenduak 31

Kanpaikadak Gasteiztik eta umorea nagusi, Gabon Zahar egunez ETBn

A.A.

EITB

'Finlandia'ko lagunak, Ibon Uzkudun eta 'Vaya Semanita'ko lagunak izango dira protagonista.

  • 12 baietz Finlandian. Argazkia: EITB

    12 baietz Finlandian. Argazkia: EITB

Umorea izango da jaun eta jabe Urte Zahar gaueko Euskal Telebistaren programazioan. ETB-1en 'Finlandia'ko pertsonaia ezagunek emango diete ongi etorria urte berriari eta ETB-2n, berriz, Ibon Uzkudunek aurkeztutako 'Badator 2012' saio berezia izango da ikusgai Gasteiztik. Bertan Fangoria, Nancys Rubias, OBK, Jare eta Ainhoa Cantalapiedraren musikaz gozatzeko parada izango dugu, besteak beste. Umore ukitua, berriz, 'Vaya Semanita'ko lagunek ekarriko digute gau berezi honetan, kanpaikaden aurretik eta ondoren.

ETB-1eko Gabon Zaharra Finlandian

Gabon Zaharra Finlandian pasako dugu ETB-1en. '12 Baietz Finlandian' saioa 23:20ean hasiko da eta bertan, programako kolaboratzaileekin batera, ETBko aurpegi ezagunek hartuko dute parte.

Ainerek eta Aitziberrek Joxemari Olasagasti eta Inaxio Perurenari Gasteiztik kanpaikadak eman behar dituztela gogoraraziko diete eta arrapaladan irtengo dira Gasteizeruntz. Bidean geldialditxoak egingo dituzte eta Road Movie polit bat osatuko digute, pikoloak (Flamarique eta konpainia) atzetik dituztela. Txus Jaioren laguntza ere beharko dute Gasteizera iristeko.

Kanpaikaden ostean guztiak dantzan ikusiko ditugu eta musika saioak izango dira nagusi. Konjuntu eta abeslari bereziak izango dira, nola ez.

ETB-2n jai handia Gasteiztik eta 'Vaya Semanita'ren onena

Aurten Gasteiz izango da ETB-2ko kanpai-hotsen saio bereziaren luxuzko eszenatokia. Izan ere, oso urte garrantzitsua izango da 2012 Arabako hiriburuarentzat, European Green Capital gisa biziko baitu. 'Badator 2012' saio berezia Ibon Uzkudun eibartarrak aurkeztuko du eta punta-puntako musikarien parte hartzea izango du: Fangoria, Nancys Rubias eta OBK. Halaber, Jare euskal taldeak 'Xalbadorren heriotzean' abesti arrakastatsuaren bertsio berezia kantatuko du Ainhoa Cantalapiedra Galdakaoko abeslariarekin batera.

ETBko eta Euskal Herriko aurpegi ezagunenak ere bilduko dira gasteiztarrekin batera topa egitera: Julian Jantzi, Oscar Terol, Juanito Oyarzabal, Anjel Alkain... Eta planetako azken zirrikituetatik agur oso bereziak jasoko dituzte.

Saio berezi honekin batera, 'Vaya Semanita'ren esketx onenen bilduma izango da ikusgai ETB-2n gauerdiaren aurretik eta ondoren.