telebista
Emisio egun berria
"Vascos por el Mundo" Kroaziako iparraldean, gaur gauean
EITB Media
Lorea Compañon, Iñigo Cortes, Mikel Lauzurika, Sandra Martinez, Einar Galilea eta Pedro Arizti anfitrioiek txoko ikusgarrienak erakutsiko dituzte.
-
Pulako anfiteatroa, Kroazian. Argazkia: Vascos por el Mundo
Gaur gauean "Vascos por el Mundo" saioak emisio egun berria estreinatuko du eta aurrerantzean igande gauetan izango da ikusgai. 22:15etik aurrera, Pedro Mardones kazetariak eta Roberto Secunza kamerariak maletak egingo dituzte Kroaziako Errepublikako bazterrik politenak ezagutzeko asmoz.
Honako honetan, Lorea Compañon, Iñigo Cortes, Mikel Lauzurika eta Sandra Martinez, Einar Galilea eta Pedro Arizti izango dira saioaren anfitrioiak. Protagonistekin batera, "Vascos por el Mundo" programak, besteak beste, Zagreb hiriburua, Istriako penintsula, Pula hiria, Fasanako hondartzak, Brijuni uharteak eta Limeko badia bisitatuko ditu.
800.000 biztanle baino gehiagorekin, Zagrebek Kroazia osoko biztanleriaren % 19a biltzen du, lau milioi inguru alegia. Bere iragan austrohungariarraren herentzia arkitektonikoa dela eta, Viena txikia bezala ezaguna da hiriburua. Hiri bizia da, eta horren erakusle dira Dolaceko merkatu koloretsua eta bertako 4500 taberna eta jatetxeak.
Bestalde, Istria, Itsaso Adriatikoko penintsularik handiena dugu eta kroaziar boilur zuri eta beltzaren eremua. Antzinako erromatarrak bazter hauetako ur gardenen edertasunarekin maitemindu ziren; ondorioz, Pulan, munduan hobekien mantendutako anfiteatroetako bat eraiki zuten. Gaur egun, milioika turista igarotzen dira bertako hondartzetatik eta kostaldetik. Atzean geratu dira Balkanetako gerra eta Jugoslavia zaharreko kide izan zireneko urteak; gaur egun, herrialde gazte hau fenix hegaztia bezala berpiztu da eta bidaiariak besoak zabalik hartzen ditu.
"Vascos por el Mundo" igandero izango da ikusgai aurrerantzean, 22:15etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en.