Itxi

telebista

22:30ean

Trans kolektiboaren gutxiespen eta gainditze istorioak, gaur, "Aquí y Ahora" saioan

EITB Media

Eider Hurtado eta Nerea Reparaz kazetariek trans kolektiboaren argudioak entzungo dituzte, beren izaera despatologizatzeko borrokan.

  • 'Ley Trans' erreportajearen irudia

    'Ley Trans' erreportajearen irudia, EITB Mediaren bideo batetik ateratakoa

Egun gutxi falta dira LGTBIQ+ komunitatearen Harrotasun Eguna ospatzeko eta "Aquí y Ahora" saioak trans kolektiboaren aldarrikapenak bildu ditu egunotan. Euren bizitzako testigantzek gutxiespen pasarteak eta gainditze istorioak azaltzen dituzten. Buruko nahasmendua egozten dien legedia eguneratzeaz eta gizartearen begirada aldatzeaz ere arituko dira. Eider Hurtadok zuzendutako saioak, besteak beste, kolektiboaren eskubideen aldeko borrokan aitzindaria den Ivan Garde izango du gonbidatu. Alizia Izal Elorz emakume trans borrokalariaren lekukotzak ere entzungo dituzte. Nerea Reparaz kazetariak datu zehatzak emango ditu gai honen inguruan. 

"Aquí y Ahora" saioak kolektiboaren eskaerei erantzuna eman nahi dien legea ere aztertuko du. Irene Montero Berdintasun ministroak prestatzen dabiltzan trans legearen gako nagusiak argituko ditu eta feminismoaren barruan sortutako haustura ere izango du mintzagai. Erreportajeak bestelako ikuspegiak eta jarrerak ere ekarriko ditu; batetik, Pino Garcia feministak sexua eta generoa bereizten ditu eta sentimenduetan oinarrituta ezin dela legerik egin defendatzen du. Bestalde, Irantzu Varela kazetariak ere bere iritzia emango du, eta biologizistak historikoki arriskutsuak izan direla ohartaraziko du. 

Legearen beste alderdi eztabaidagarri bat adingabeen hormonazioa eta autodeterminazioa da. Erik, Bihotza eta Rubenen esperientziak ezagutuko ditu saioak; jazarpena sufritu dute gaztetxo hauek, eta gurasoen eta lagunen babesa ezinbestekoa izan dute.

Ondoren, Ekairen istoria ekarriko dute gogora; 2018an tratamendu hormonalen zain zegoela bere buruaz beste egin zuen adinez txikikoak. Ez da kasu isolatu bat, % 77,5ek pentsamendu suizidak izan dituzte. Pentsamendu horiek zuzenean lotuta daude kolektiboak jasandako indarkeriarekin; 5 transetik 1ek eraso fisikoak jasan ditu. 2021ean, LGTBI komunitateak eraso basatiak sufritzen jarraitzen du.

"Aquí y Ahora: Ley trans", Eider Hurtado eta Nerea Reparaz kazetarien eskutik, gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.