Itxi

telebista

Estreinaldia

Indarberrituta dator gaur "Plazandreak" saioaren 2. edizioa

EITB Media

Emakumeek egindako kirolaren aldeko apustua berretsi du EITBk "Plazandreak" saioaren bigarren edizio honetan; lehiakideak ez ezik aurkezleak ere emakumezkoak izango dira.

  • Plazandreak saioaren lehaikide eta coach-ak.

    Plazandreak saioaren lehaikide eta coach-ak. Irudia: EITB Media

"Plazandreak" saioaren bigarren edizioa jarriko da abian datorren gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en. Iaz hasitako bideari segida emateko asmoz, baina berrikuntzekin eta indarberrituta dator ETB1eko kirol saioa. EITBren eskutik, emakumeen pilotaren munduan murgiltzako aukera izango dute ikus-entzuleek berriz ere uda honetan, astelehen gauero; lehiakideak ez ezik, aurkezle eta esatariak ere emakumezkoak izango dira.

"Plazandreak" saioaren bitartez, EITBk argi uzten du, batetik, emakumeek egindako kirolaren aldeko apustua eta, bestetik, geurea dugun pilotari hauspoa emateko egiten duen ahalegina. Programazioan egonkortuta dauden ostiral, larunbat eta igandeko emankizunei, astelehen gaueko eskaintza batu zaie. Erremontearekin bezalaxe, emakumeen esku-pilota bertatik bertara bizi ahal izango dute ikus-entzuleek, frontoian egongo balira bezala, EITBk emanaldian erabiliko dituen teknologia aurreratuei esker. Kantxan gertatzen den guztiaren lekuko izango da ikuslea: jokoa, atseden lekuko bizipenak, elkarrizketak…

Laboral Kutxa Plazandreak Txapelketa

Bederatzi pilotarik hartu dute parte "Plazandreak" saioan: momentuko pilotaririk onenak eta baita etorkizunean izar izango direnak ere. Esperientzia eta gaztetasuna uztartuko dituen torneoa izango da, beraz.

Hiru taldetan banatuko dira lehiakideak eta bakoitzak bere kapitaina izango du: Erlantz Garciaren esanetara arituko dira Amaia Aldai, Leire Garai eta Uxue Oses; Mikel Inuntziaga izango da Olatz Arrizabalagak, Madalen Etxegaraik eta Nora Mendizabalek osatuko duten taldeko burua; azkenik, Reyes Azkoitia izango dute gidari Miren Larrartek, Miriam Arraizak eta Andrea Capellanek.

Muinean, lehiaketak iazko egitura izango du; jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko dira, 12 tantora: banaka lau eta erdian, binaka eta beste bat banaka kaiolaren barruan. Irabazitako partida bakoitzak puntu bat balioko du eta garaipenen batura eginez osatuko da sailkapena.

Hiru coach edo adituen lanak garrantzi berezia izango du, taldeek hartuko duten estrategiak erabakigarriak izango baitira txapelketa irabazteko bidean. Baina bada kontuan hartu beharreko berrikuntza nabarmen bat: lehenengo partida jokatzen duen pilotariak binakakoan parte hartu ahal izango du, ez ordea bigarren buruz burukoan. Saioa erakargarriago eta orekatuagoa izateko asmoz ezarri dute araua antolatzaileek.

Ekainaren 21etik abuztuaren 2ra bitartean, sei jardunaldi eta finala izango ditu Laboral Kutxa Plazandreak txapelketak, eta denak Zornotzako pilotalekuan jokatuko dira.

Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kazetariak gidatuko du "Plazandreak" saioa astelehen gauero, 22:20ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Berarekin batera Ane Muruamendiaraz ETBko kazetaria arituko da protagonistak elkarrizketatzen. Bestalde, Gentzane Aldai eta Ane Arteaga pilotariek egingo dituzte aditu lanak txandakatuz.