Itxi

telebista

Aste honetan

Etorkizuneko ikasgela aztergai, 'Teknopolis'en

A.A.

EITB

Antibiotikoekiko erresistentziaz ere mintzatuko dira.

  • Oihana Jauregi | Teknopolis

    Oihana Jauregi, 'Teknopolis'. Argazkia: EITB

Zientzia eta teknologia munduko azken berriak bilduko ditu ohi denez 'Teknopolis' saioak. Lehen erreportajeak etorkizuneko ikasgelak nolakoak izango diren azalduko digu. Mondragon Unibertsitateak eta Alecoop kooperatibak ideia-laborategi bat sortu dute ikasgeletan zer behar izango diren aztertu eta behar horiei erantzuteko. Ondoren, garatutako ideia horiek diseinatu eta produktu bilakatuko dituzte.

Munduan zabaltzen ari den arazo bati erreparatuko diote jarraian. Antibiotikoak behar bezala ez erabiltzeak eta automedikazioak bakteriak geroz eta indartsuagoak egiten dituzte, erresistente bihurtzeraino. Superbakteria izenarekin ezagutzen dira germen horiei buruzko xehetasunak emango dituzte Europako Batasuneko erreportajean.

Biomedikuntzan mikroskopia optikoaren eta elektronikoaren arloan EHUn lortutako emaitzak hedatu asmoz, EHUk Mikroargazkigintzako lehiaketa antolatu du hirugarrenez. 68 lan aurkeztu dira aurten eta Sergio Seoaneren 'Eguzkia egunero irteten da' izeneko argazkiak irabazi du. 'Teknopolis'ek horietako batzuk erakutsiko dizkigu.

Gertutik izeneko atalean Unai Pascual Ikerbasque ikertzailearekin izango dira. Gaur egun BC3 ikerketa-zentroan ari da lanean. Errekurtso urriak nola ustiatu aztertzea da bere eginbeharretako bat.

Azkenik, argazkilaritzaren eta bideogintzaren zaleentzako aukera aste honetako bideo-blogean: Kietacam etxeko gailu batzuk ekarri dituzte tarte honetara, gure irudiei kalitate-ukitu bat eta mugimendu bitxia emateko asmoarekin.

Oihana Jauregik aurkeztuta, 'Teknopolis' igandean dago ikusgai 09:55ean ETB-2n eta 15:00etan ETB-1en. Asteazkenean 22:55an ere ikus daiteke ETB-3n.