Itxi

telebista

Kirolak

"Plazandreak" saioko final handia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Amaia Aldai, Leire Garai eta Uxue Oses batetik, eta Miren Larrarte, Miriam Arraiza eta Arrate Bergara bestetik, izango dira aurrez aurre Zornotzako Amorebieta III.a pilotalekuan.

0:23
Plazandreak

Gaur, Laboral Kutxa Plazandreak Torneoko finala izango dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en 22:30etik aurrera. Erlantz Garciaren eta Reyes Azkoitiaren taldeak izango dira aurrez aurre Zornotzako Amorebieta III.a pilotalekuan: Amaia Aldai, Leire Garai eta Uxue Oses batetik, eta Miren Larrarte, Miriam Arraiza eta Arrate Bergara (Andrea Capellanen ordez) bestetik.

Hiru talde izan dira nor baino nor gehiago ekainaren 21ean abiatu zen "Plazandreak" saioko 2. edizio honetan: finalera iritsi diren bi hirukoteez gain, Olatz Arrizabalagak, Madalen Etxegaraik eta Nora Mendizabalek, Mikel Inuntziagaren gidaritzapean, osatutakoa. 

Ligaxkako sei jardunaldi jokatu ostean, emaitza guztiak batuta sailkapen onena lortu duten bi taldeak iritsi dira astelehen honetako finalera. Covid-19a tarteko, zenbait jardunalditan ordezko pilotariek jokatu behar izan dute. Alabaina, lehia biziko eta emozio handiko txapelketa izan da aurtengoa, esperientzia eta gaztetasuna uztartu dituena. Izan ere, momentuko pilotaririk onenek eta etorkizunean izar izango direnek hartu dute parte, emakume pilota indartsu dagoela erakutsiz. 

"Plazandreak" saioaren bitartez, EITBk bere aletxoa jarri du emakume pilotak oinarri sendoak ezarri ditzan eta etorkizunerako bidean lehen urratsak eman ditzan. Ekimen honen bitartez, gainera, emakumeek egindako kirolari eta geurea dugun pilotari bultzada ematea izan da EITB ikus-entzunezko taldearen helburua. 

Jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatu dira, 12 tantora: banaka lau eta erdian, binaka eta beste bat banaka kaiolaren barruan. Irabazitako partida bakoitzak puntu bat balio izan du eta garaipenen batura eginez osatu da sailkapena. 

Saioa erakargarriago eta orekatuagoa izateko asmoz, berrikuntza nabarmen bat izan du aurtengo "Plazandreak" saioak: lehenengo partida jokatu duen pilotariak binakakoan parte hartu ahal izan du, ez ordea bigarren buruz burukoan. 

Maitane Urbietak egin du partiden kontakizuna astero eta txandaka bi pilotari izan ditu alboan: Gentzane Aldai eta Ane Arteaga. Ane Muruamendiaraz izan dugu astero pilotariak eta haien entrenatzaileak elkarrizketatzen.

'Plazandreak' saioko aurkezle taldea

'Plazandreak' saioko aurkezle taldea