Itxi

telebista

Oihana Jauregik aurkeztuta

Aurrerapen teknologiko ezberdinak aztergai aste honetan 'Teknopolis'en

A.H.

EITB

Hondatutako pieza zatiak konpontzen dituen laserra, Ultrabook-a edota lehenengo hegazkin hibridoa ezagutuko ditu saioak, besteak beste.

  • Oihana Jauregi | Teknopolis | ETB-1

    Oihana Jauregi, 'Teknopolis'. Argazkia: EITB

Aste honetako 'Teknopolis' saioak ikerkuntzak garatu dituen aurrerapen teknologiko ezberdinak izango ditu hizpide, horien artean, hondatutako pieza zatiak konpontzen dituen laserra, Ultrabook-a edota hegazkin batentzako lehen motor hibridoa. Horrez gain, Training Caravan ekimena gertutik ezagutuko dute, nazioarteko goi-mailako ikertzaileak Batxilergoko ikasleen geletara hurbiltzea helburu duen ekimena. Amaitzeko, OnZientzia bideo amateurren lehiaketari dagokionez, lan guztien artean, Gorka Aranberri Urdaibaiko patroi eta ingeniari elektronikoak bat aukeratu du. 'Teknopolis' igande honetan emitituko da 10:50etik aurrera ETB-2n eta 15:00etan ETB-1en.

Laserra konpoketak egiteko

Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak eta CIC marGUNEk elkarlanean garatu dute laserrean oinarritutako teknologia berri bat. Piezak hondatzen edo hausten direnean, pieza osoa ordeztu beharrean, hondatutako zatia laser bidez konpontzen dute. Laser Clading edo laser bidezko ekarpena izeneko sistemak materiala eranstea lortzen du, inolako arrastorik utzi gabe.

Training Caravan

Ikerbasque, BC3 eta Hezkuntza Sailak elkarlanean aurten bigarrengoz martxan jarri duten ekimena da Training Caravan. Nazioarteko goi-mailako ikertzaileak Batxilergoko ikasleen geletara hurbiltzea da topaketa hauen xedea. Iaz mila ikasle inguruk parte hatu zuten topaketetan eta aurten guztira 30 hitzaldi antolatuko dituzte beste hainbeste ikastetxetan. Ikerbasqueko 18 ikertzailek eta BC3ko beste 12k parte hartuko dute ekimenean. 'Teknopolis' Koen Vandenbroek ikertzailearen hitzaldian izan da, Indautxuko Jesuiten ikastetxean.

Videoblog: Ultrablog

Azken urteetan prozesadoreek izan duten garapenaren ondorioz, gaur egun erabiltzen diren gailuak txikiagoak, arinagoak eta bateriari dagokionez askoz ere iraunkorragoak dira. Ultrabook-a esandakoaren adibide egokia izan daiteke. Alaitz Ochoa de Eribe lankideak emango ditu gailu horri buruzko azalpen guztiak.

Lehen hegazkin hibridoa

Bestalde, Siemens etxeak serieko lehen motor hibridoa egin du hegazkin batentzat. Hegazkin arin bat da, 7 metro pasatxoko luzera du eta 555 kiloko pisua. Helizea 70 kW-eko motor elektriko batek mugiarazten du. Motor hori elikatzeko, bateria batzuetan metatutako energia elektrikoa eta helizearekin lotura zuzenik ez duen errekuntza-motor bat baliatzen dira. Errekuntza-motorrak elektrizitatea ekoizteko baino ez du balio eta, hala, hegazkinak autonomia handiagoa izan dezake. Hegazkinaren irudi ikusgarri batzuekin amaituko da aste honetako 'Teknopolis'.