telebista
Estreinaldia ostegunean
Manu Maritxalar elkarrizketatuz hasiko du Euzkitzek 'Bisitaria' saioa
A.E.
EITB
'Bisitaria' saioan ezagunak diren pertsonak elkarrizketatuko ditu Xabier Euzkitzek, baina modu berezi batean, oraingoan platoa alde batera utzita euren eguneroko bizimoduan murgilduko delako.
-
Xabier Euzkitze. Argazkia: EITB
'Bisitaria' saioa estreinatuko da ostegun honetan ETB-1en. Saio berri honetan, ezagunak diren pertsonak elkarrizketatuko ditu Xabier Euzkitzek, baina modu berezi batean, oraingoan platoa alde batera utzita euren eguneroko bizimoduan murgilduko delako. Pertsona hori beste ikuspuntu batetik ezagutuko dugu, gertutik, Euzkitze izango da gonbidatua, bi egun egongo baita elkarrizketatuarekin.
Ostegun honetan Manu Maritxalarrekin egongo dira. Boxeoan, telebistan eta irratian nola aritzen den denok ezagutzen dugu, baina nolako etxea du Manuk? Zer egiten du asteburuetan? Zer bazkaltzen du? Zeintzuk dira bere zaletasun bereziak? Nolako izaera du bere esparru pribatuan? Galdera horiek Bisitaria saioan izango dute erantzuna.
Xabier Euzkitze Maritxalarren etxean geldituko da lotan eta familiarekin batera eguneroko egoeratan hartuko du parte. Aita izanda, eta guraso gehienak bezala, asteburuetan umeek dituzten ekintzetara doa, eta eurekin batera Euzkitze ere joango da. Jakin badakigu Manu kirolari sutsua dela, baina bestelako zaletasunak ere baditu. Bisitarian abesten ikusiko dugu, baita dantza egiten ere! Eta ez edonola!
Egunerokotasuna oinarri izanda, hain ezagunak ez diren bizipenak ere aitortuko dizkio Maritxalarrek Xabier Euzkitzeri. Horrela, Bisitarian agertzen diren pertsonak orain arte ezagutu ez ditugun moduan agertuko dira, ikuslearekin benetako hurbiltasuna lortuz.
'Bisitaria' 22:00etan izango da ikusgai ostegun honetan ETB-1en.