Itxi

telebista

Fikzioa euskaraz

"Sorgin Baldarra"ren hirugarren denboraldiaren estreinaldia, gaur gauean

EITB Media

EITBk haur eta gaztetxoei zuzendutako euskarazko fikzioaren aldeko apustua mantenduko du ostiraletan, 21:00etan, "Sorgin Baldarra" telesailaren atal berriekin.

0:10

Haur eta gaztetxoei zuzendutako euskarazko fikzioaren aldeko EITBren apustua jarraituz, ETB1ek eta eitb.eus-ek "Sorgin Baldarra" telesailaren hirugarren denboraldia estreinatuko dute gaur gauean. Magia eskola bateko sorgin gazte talde bati buruzko ikus-entzunezkoa da, Jill Murphyren The Worst Witch liburu sorta arrakastatsuan oinarritua.

Ostiralero, ETB1ek eta eitb.eus-ek telesailaren bi atal berri eskainiko dituzte, 21:00etatik aurrera, eta 3 Klubaren aplikazioan eta EITB Nahieran atarian ere izango dira ikusgai.

Hirugarren denboraldi honetan, bizitzak ekarriko dizkion aldaketa sakonei aurre egingo die Mildred Hubble protagonistak. Sorginen familia batetik datorrela jakin berri du eta konfiantza handiagoarekin itzuliko da Carckle's akademiara: bere edabeak burbuila handiagoak egingo dituzte, bere madarikazioak inorenak baino ozenago entzungo dira eta bere hegaldiak inoiz baino firmeagoak izango dira.

Zoriontsu da sorginen mundu honen parte dela jakin duelako, baina zerbait faltako zaio. Mildredek badaki bere ama, Julie, sorgina izan behar zuela, baina inoiz ez zuen bere alde magikoa garatzeko aukerarik izan. Horregatik, nahiz eta sorginen kodigoak pertsona ez magikoei magia ematea debekatzen duen, arauak berarentzat ez direla pentsatuko du eta berak bizitako aukera berdina eman nahi izango dio amari.

Erabaki honen ondorioz, Julie Hubbleren transformazioarekin eta Miss Hardbroomen iraganeko sekretu batekin topo egingo du, baita Mildreden mundua zein Carkle's akademia goitik behera aldatuko duen ikasle berri eta basati batekin. Ezustekoen aurrean, bere bi lagun minak, Maud eta Enid, bere alboan jarraituko dute, baita Tabby bere katua eta bat-batean agertuko den Star txakur magiko eta misteriotsua ere.

Bitartean, Ethel Hallow bere izena garbitu eta akademiako sorgin onenaren titulua berreskuratzeko, Mildred albotik kendu nahi izango du. Bestalde, Sybil, Beatrice eta Clarice zer nolako sorginak izan nahi duten erabaki beharko dute akademiako bigarren urtean.

Laburbilduz, nagusitzen doan gaztetxo batek dituen dilema tipikoei aurre egingo die Mildredek hirugarren denboraldi honetan eta talde baten parte izateak duen esanahia ulertuko du. Prozesu honetan, ezusteko magiko eta eroen kontra eramango du bere burua eta atal bakoitzean abentura berri bat biziko du.