Itxi

telebista

22:15etik aurrera

'Enmarcando a Britney Spears' dokumentala, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

'The New York Times'ek ekoiztutako lanak abeslariaren goraldia eta ospe handiaren ondorengo lur-jotze gogorra gogoratuko du. Halaber, bere tutoretza legala berreskuratzeko auzitegietan abiatu duen lehia judiziala hartuko du hizpide.

0:09
'Britney Spears fokupean' dokumentalaren irudi bat

Gaur gauean, ETB2k eta eitb.eus-ek Britney Spearsen bizitzaren argi eta itzal guztiak erakutsiko dituen Enmarcando a Britney Spears (Framing Britney Spears, 2021) dokumentala eskainiko dute. Abeslariaren ibilbidearen goraldia eta haren ospea fenomeno globala izan ziren eta bere lur-jotze zalapartatsua kirol nazional gupidagabea bilakatu zen. The New York Times-ek ekoiztutako dokumentalak arreta berezia jarriko dio prentsak artistaren bizitza pertsonalari eman zion tratamenduari, baita horrek bere osasun mentalean izan zuen eraginari ere.

Bere tutoretza legala errekuperatzeko lehia judizial kafkiano batean murgildu da aurten Britney Spears. Auzitegian abiatu duen prozesua oihartzun handia izan du eta artistaren inguruko fan fenomenoa berpizteaz gain, osasun mentala eta eskubide indibidualen gaineko debate soziala ireki du.

Artistaren aitak 2008 urtetik izan du haren alabaren tutoretza legala, Kaliforniako auzitegi batek Britney Spearsek bere bizitza eta finantzen gaineko kontrola eramateko ezintasuna erabaki zuenean. Hamahiru urte geroago, Los Angeleseko epai batek Jamie Spearsi bere alabaren tutoretza kendu berri dio eta 60 milioi dolarreko abeslariaren ondarea kudeatzeari utziko dio.

 Britney Spears Fokupean dokumentalaren irudia

Dokumentalaren irudia

Hainbat gertari desatseginen ondoren galdu zuen Britneyk bere ondasunaren eta bizitza pertsonalaren gidaritza; besteak beste, drogekin arazoak izan zituen, bere senar ohiak seme-alaben zaintza kendu zion eta tratamendu psikiatrikoa jaso zuen.

Dokumentalak gertatutako guztia errepasatuko du eta horretarako, Felicia Culotta Britneyren lagun minaren testigantzaz gain, tutoretzan adituak diren zenbait abokatuk eta abeslariaren ibilbide artistikoaren hasiera gertutik bizi izan zuten exekutiboek parte hartuko dute. Horien artean, Kim Kaiman Britney Spearsen irudia sortzen lagundu zuen marketing zuzendariak, Vivian Lee Thoreen gaur egun artistaren tutoretza errekuperatzeko lanetan aritu den abokatuak, eta Adam Streisand bere aitaren kontrako auzian Britneyk lehenengo momentuetan kontratatu nahi izan zuen abokatuak parte hartu dute ikus-entzunezkoan.

Enmarcando a Britney Spears lanak gainera, #FreeBritney mugimendua sortu duten artistaren jarraitzaileen testigantzak ere bilduko ditu.

Ordu eta laurdeneko dokumental honek galdera baten inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen ditu ikus-entzuleak: nola da posible urtero milioika dolarreko irabaziak lortzen dituen 39 urteko emakume batek bere erabaki propioak hartzeko ezintasuna izatea? Dokumentalak artistaren ibilbidea errepasatu eta Estatu Batuetako pop-star industriaren alderik ezezagun eta desatseginenak erakutsi dizkigu.

Enmarcando a Britney Spears, gaur gauean, 22:15etik aurrera izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.