Itxi

telebista

Urriak 16

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 45. edizioa, gaur, zuzenean, Seguratik

EITB Media

Baratze pilotalekuan jokatuko den lehiaketa zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en 18:00etan eta 22:00etan eskainiko da ETB1eko "Oholtzan" saioan. Hamabost bikote arituko dira nor baino nor gehiago.

0:29
Euskal Herriko Dantza Txapelketa

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 45. edizioa jokatuko da larunbatean, urriak 16, Seguran. Hamabost bikote arituko dira nor baino nor gehiago Baratze pilotalekuan, 18:00etan. Jaialdia zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en streaming bidez eta gauean, 22:00etan, ETB1eko "Oholtzan" saioan eskainiko da. Izaro Iraetak, Imanol Artolak eta Ainhoa Urretabizkaiak gidatuko dute jaialdia. 

Asteazkenean, urriak 13, egin zen dantza txapelketaren aurkezpena, EiTBren Donostiako egoitzan. Bertan aritu ziren Izarra Urdalleta Segurako alkatea, Antton Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko ordezkaria, Imanol Artola aurkezlea, eta Andoni Salas eta Luisma Laboa ETBko programa berezien lan-taldeko kideak. 

Luisma Laboa, Imanol Artola, Antton Mendizabal eta Izarra Urdalleta

Luisma Laboa, Imanol Artola, Antton Mendizabal eta Izarra Urdalleta

Hamabost bikote lehiatuko dira Seguran: bederatzi gipuzkoarrak dira, batek Bizkaia ordezkatuko du, eta beste bostak Lapurdi eta Baxe Nafarroakoak dira. Iparraldetik datozenak hauek dira: Xabi Dupuy-Xanti Eyherabide (Beskoitze), Amaia Apezetxea-Idoia Salha (Hendaia-Donibane Lohitzune), Marie Feyri-Battitt Etchart (Bidart-Bidarrai), Oihana Betelu-Pierre Latasa (Baiona-Urruña) eta Oihana Dottax-Antton Barcos (Ainhoa-Beskoitze). Maren Galvez-Gorka Granado izango da Bizkaitik datorren bikotea. 

Gipuzkoarren artean, hiru azpeitiarrak dira: Itziar Bastida-Anaitz Lizartza, Elaia Elorza-German Aranburu eta Laura Bastida-Ekain Uzkudun. Beste bi Azkoitia ordezkatuz joango dira Segurara: Enara Arrizabalaga-Iker Sarasua eta June Elorza-Eneko Sarasua. Irati Olaizola-Idoia Narbaiza legazpiarrek, Saioa Galarraga-Julen Murgiondo bergarrarek, eta Lezo eta Oiartzun ordezkatuko dituzten bi bikotek, Katerin Artola-Iker Belintxon eta Olatz Azkue-Mattin Etxebeste, osatuko dute zerrenda. 

Dantzariek zortzi pausoko fandangoa dantzatuko dute, txistuz lagunduta, Isilkara txistulari taldearen musikarekin edo albokaz, Vanessa Ziaurritz, Oihana Irastorza eta Teresa Jareño hirukotearen musikarekin, eta ondoren arin-arina trikitiaz, Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin.  

Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatuko dute eta bikote irabazleak Segurako Udalaren sari nagusia eramango du, Aitor Ruiz de Egino hernaniarraren aluminio galdatuz eginiko eskultura

Izaro Iraetak eta Imanol Artolak aurkeztuko du txapelketa, eta Ainhoa Urretabizkaiak protagonistak elkarrizketatuko ditu. Halaber, Xabier Artolaren ahotsa entzungo dugu dantzariek egindako lanaren inguruko balorazioa egiten. 

Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, Kimua Dantza Kolektiboak genEroa ikuskizunaren pasarte bat eskainiko du. Aurrez, eguerdian, Segurako plazan lana osorik taularatuko dute.