Itxi

telebista

17:45etik aurrera

Jean Michel Basquiat artista protagonista, osteguneko 'Haratago'n

A.H.

EITB

Basquiat 80ko hamarkadako New Yorkeko izar disdiratsuenetakoa izan zen.

  • Haratago | Hasier Etxeberria

    'Haratago', Hasier Etxeberria. Argazkia: EITB

Ostegun honetan 'Haratago' saioak eskainiko duen dokumentala Jean Michel Basquiat artistari zuzenduta egongo da. Basquiaten aita haitiarra zen eta ama puertorrikokoa. 1960. urtean jaiotako artista gaztea New York-eko kaleetan bizi zen, bertako hormatan bere sinadura utzi zuen behin eta berriz eta gero mundu osoan erakutsi eta salduko ziren kuadroak margotzen hasi zen. Hamarkada batean milaka irudi sortu zituen, 28 urterekin droga gaindosi baten ondorioz hil zen arte.

Graffitia, komikia eta kaleko sinbologia erabili zituen bere obran, tonu pertsonal bat emanez, primitibismoz eta erritmoz betea. Bere lanak arte mundua goitik behera dardarazi zuen.

1981. urtean egin zuen lehen erakusketa eta geroztik New Yorkeko izar disdiratsuenetako bat bihurtu zen: Alemaniako “basati berriak”en parekoa (Kiefer, George Richter, George Baselitz) edo italiako transbanguardiako kideena (Sandro Chia, Francisco Clemente), edo bere garaiko artista gazteen mailakoa: Keith Haring edo guretzat ezagunago den Julian Schnabel, esate baterako. Baina guztien gainetik Andy Warhol izan zen adierazgarriena. Lagun minak egin ziren Basquiat eta Warhol eta hainbat lanetan bat egin zuten biek urte oso batean.

Basquiat musikazale amorratua zen. Bere lanean oso presente daude rap, beat eta jazz erritmoak. Charlie Parker, Jimmy Hendrix edota Miles Davisen hotsak. Halaber presentzia handia du afro-amerikar kulturaren espirituak, plastikan hainbeste aldarrikatu zuenak.

2010eko azken hiruhilekoan Basquiat-en lanaren erakusketa handia antolatu zuen Pariseko Arte Garaikideko Museoak.

'Haratago' ostegun honetan emitituko da arratsaldeko 17:45etik aurrera ETB-1en.