Itxi

telebista

22:30ean

Koldo Almandozek zuzendutako "Oreina" filma, gaur gauean, ETB1en

EITB

Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia ditu hizpide.

0:22
'Oreina' filmaren irudia

"Oreina" Koldo Almandoz zinemagile donostiarraren fikziozko lehen filmak Donostia Zinemaldian hartu zuen parte 2018an, New Directors sailean, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen.

Txintxua Filmseko ekoizpenak Almandozek munduari begiratzeko modu pertsonala erakusten duen film garaikidea da. Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia ditu hizpide.

Periferia horretan, jatorri desberdineko pertsona batzuek bat egingo dute elkarrekin: elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia, norabiderik gabe dabilen mutil gazte bat eta zelatan dabilen eta inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gazte bat.

Hauek dira bertan protagonista: Patxi Bisquert (Tasio, 100 metro), Ramon Agirre (Handia, Julieta, Aupa Etxebeste!), Iraia Elias (emakumezko aktore hasiberri onenaren Goya saria eskuratzeko izendatua Amama filmean egindako lanagatik), Erika Olaizola (Los tontos y los estúpidos) eta Laulad Ahmed Saleh (aktore gazte honen lehen lana da honakoa).

Filma sei astetan grabatu zen, 2017ko udazkenean, Gipuzkoako hainbat eremutan (Aginaga, Usurbil, Orio, Donostia, Zubieta eta Oiartzun) eta Nafarroan (Elkano).

Teknikarien artean, Almandozekin aurreko beste proiektu batzuetan lan egin duten kolaboratzaileak nabarmentzen dira, hala nola Javier Agirre (argazki zuzendaritza onenaren Goya saria irabazi zuen 2018an Handia filmarekin), Laurent Dufreche (muntaia onenaren Goya saria irabazi zuen 2018an Handia filmarekin), Alazne Ameztoy soinu-arduraduna eta Marian Fernandez Pascal produkzio exekutiboaren burua. Filmeko jatorrizko musika Elena Setienek eta Ignacio Bilbaok konposatu dute.

"Oreina" Txintxua Films etxearen ekoizpena da, eta ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren, ICAAren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza izan ditu bidelagun.

Gaur, 22:30ean, Koldo Almandozen "Oreina", ETB1en ikusgai.