Itxi

Biba Zuek

Biba Zuek

Biba Zuek

Saio berezia

ETB1eko azken 40 urteko aurpegi ezagunenak bildu ditu "Biba 2022!" bereziak gaurko Urtezahar gauerako

EITB Media

Saioaren aurretik, "2022ra bidean Go!azen" eta "Piztu Telebista" gabonetako bereziak izango dira ikusgai.

Aurtengo Urtezahar gauean ETB1eko "Biba 2022!" saio bereziak harridura atseginaz eta nostalgiaz begiratuko dio iraganari, 22:45etik aurrera. Euskal Telebistak 40 urte beteko ditu 2022an eta ospakizun handia egingo dugu, gure telebistaren oroitzapenetan murgilduta.

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko duten "Biba 2022!" galak emango dio ongietorria urte berriari. Saioak bi zati izango ditu, gauerdiko kanpaien aurretik bata eta haien ondotik bestea. Lehenengoan, ETBren euskarazko kanalean ezagun egin diren pertsona asko bilduko dituzte, 50 gonbidatu baino gehiago pantailan, eta aspaldian elkar ikusi ez dutenak elkarraraziko dituzte, besteak beste: Goenkaletarren familiarik handiena, "Sorginen Laratza"ko aurkezle guztiak, "Martin" telesaileko protagonistak; eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak ere berriro elkarrekin, bederatzi urteren ondoren.

'Biba 2022' saio bereziaren grabazioko irudia

'Biba 2022' saio bereziaren grabazioko irudia


Urte berriaren hasieran, 2022aren estreinaldian, ez da musikarik faltako. Inoiz pentsatuko al zenuke Eganeko Xabier Saldias eta Chill Mafiako kideak elkarrekin kantuan? Gozategi, Bulego, Iñaki Ortiz de Villalba, Xabier Solano, Olatz Salvador, Zuriñe Hidalgo, Jon Urdangarin (Drindots) eta Amak taldeak, besteak beste, musika ikuskizunak eskainiko dituzte. Gainera, aurrez aurre egon ezin izan dutenen zorion-bideoak jasoko dituzte.

Bestalde, esklusiban, 2022an ETBren ereserkia bihurtuko den "Euskal Telebistak 40 urte" kanta berria emango dute ezagutzera "Biba Zuek!" programako taldekideek abestuta. 40. urtemugaren ikuskizuna gogoangarria izango da urte berriari behar bezala ongi etorria emateko.

"2022ra bidean Go!azen" eta "Piztu Telebista" bereziak

"Biba 2022" saio bereziaren aurretik, ETB1ek programazio berezia prestatu du Urtezahar gauerako. Hasteko, gazteei zuzendutako "2022ra bidean Go!azen" saioak aurreko urteetako Urtezahar gaueko galen aktuazio eta abesti onenak bilduko ditu, Aitziber Errazkin (Enara), Ander Lacalle (Luken) eta Ainhoa Larrañaga (Eli) aktoreek aurkeztuta, 20:45etik aurrera.

Ondoren, 21:45ean, Gabonetako "Piztu Telebista" saio berezian, Euskal Herriko aniztasunaren isla diren zortzi familia Urtezaharreko programen aurrean jarriko dira eta haien umore eta komentarioez gozatzeko aukera izango dugu. Ospakizunerako txanoak, turutak, antifazak eta girnaldak izango dituzte, era horretan, elkarrekin abestu eta dantzatzeko. Bestalde, zoriona erakartzeko errituei ere txokoa egingo diete eta Gabonzaharreko tradizioari jarraituz, elkarrekin topa egingo dute osasunaren alde, hori baita aurten behar dugun gauzarik garrantzitsuena.

Edukiei dagokienez, astean zehar eman diren saioez gain, 2022an Euskal Telebistak 40 urte beteko dituela aprobetxatuz, ETB1etik igaro diren aurpegi ezagun batzuen eskutik, Gabonzaharreko saio bereziez gozatzeko aukera izango dute zortzi familiek. Aurreko urteetako kanpaikadak gogora ekarriko dituzte, telebista gurekin batera ere nola aldatu den antzemateko.