telebista
Estreinaldia
Migrazioaren erronka, gaur gauean, "Aquí y Ahora" saioaren erreportaje berezian
EITB Media
Eider Hurtadok zuzenduta eta aurkeztuta, "Aquí y Ahora" saioaren denboraldi berria abiatuko da. Hilean behin, gizarte gaiak landuko dituzte, informazioa sakon jorratuz eta testigantzak bilduta. 'Cruce de fronteras' (mugen bidegurutzea) izeneko erreportaje bereziarekin hasiko dute denboraldia.
-
Eider Hurtado. Argazkia: EITB Media
Gaur gauean itzuliko da EITBra "Aquí y Ahora" saioa, Eider Hurtado kazetariak zuzenduta eta aurkeztuta. Informazioa sakon jorratuko du saioak, historiak eta testigantzak bertatik bertara bilduta, eta hilean behin erreportaje berezi bat eskainiko dute, gizarte gaiak lantzeko.
Denboraldi berriaren hasieran migrazioaren erronka izango du aztergai. Horretarako, Irun eta Iparralde arteko mugan izango da programako lantaldea, gerratik, izutik eta miseriatik alde egin dutenen istorioak biltzeko. Iparraldetik datozen pertsonen testigantzak jasoko dituzte, asko eta asko Ukrainatik orain; hegoaldetik datozenen egoera ere aztertuko dute, tartean gure mugetara urtetan iritsi diren eta iristen jarraitzen duten Sahara hegoaldeko pertsonen egoera. Gainera, errefuxiatuentzako harrera zentroetan ere murgilduko da programa, pertsona horien istorio gogorrak euren ahotik zuzenean entzuteko.
Hain zuzen, egoitza horietako batean erreportajearen aurrestreinaldia egingo da gaur bertan. Hala, telebistako emanaldia hasi baino ordu batzuk lehenago, 'Cruce de fronteras' erreportajearen aurrestreinaldia egingo dute migratzaileei aldi baterako harrera egiteko Berrizko Olakueta Etxean, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin. 16:00etan hasiko da ekitaldia, Eider Hurtadok aurkeztuta, eta Beatriz Artolazabal sailburua ere bertan izango da, zentroko zenbait erabiltzailerekin batera.
'Cruce de fronteras'
Errusiak Ukraina inbaditu ostean, gerratik ihes egiten duten milaka pertsonari harrera egiteko erronka du Europak. Egoera larri horren aurrean, Ukrainako errefuxiatu guztiei aldi baterako babesa emango diela agindu du. Premiazko mekanismo horrek, baina, talka egiten du Afrikako kontinentetik iristen diren migratzaileen mugetako kontrolak gogortzearekin, azken aldian muga horiek are agerikoagoak egin baitira.
Ukrainatik datozen errefuxiatuak hasi dira jada Euskadira iristen, eta Eusko Jaurlaritzak Oñatin, Berriz eta Irunen dituen harrera zentroetan dauden pertsonen artean biziraupen-istorio latzak daude.
Errealitate hori Afrikatik zirkulazioan dauden migratzaileen artean ere errepikatzen da, mugetako kontrolak igarotzeko bizia arriskuan jartzen duten migratzaileen artean ere. Gurutze Gorriko Irungo aldi baterako harrera gunean bidaia luze eta arriskutsu horiek egin dituztenen testigantzak bilduko ditu programak. Hegoaldeko zein Iparraldeko erakundeen babesa izanagatik ere, Afrikako migratzaileek era guztietako zailtasunak dituzte helmugara iristeko.
Eider Hurtadok protagonistekin hitz egingo du, bideratutako baliabideetatik laguntzeko lan egiten dutenekin, eta Bidasoa ibaiaren inguruan bizi diren bizilagunekin. Izan ere, ia egunero erreskatatzen dituzte ibaian bizia arriskuan jartzen duten pertsonak eta, batzuetan, bizia galdu ere egiten dute. Duela gutxi Bidasoan desagertutako gaztearen lagunak nola erreskatatu zituzten kontatuko dute, besteak beste.
Migratzaile batzuek lortzen dute Europan duten helmugara iristea; eta beste batzuek bertan geratzea erabakitzen dute edo horretara behartuta ikusten duten euren burua. Ukrainarren eta afrikarren artean errepikatzen den errealitatea, 'mugen bidegurutze' batean baitaude guztiak.
"Aquí y Ahora" saioren erreportaje berezi berria, Eider Hurtadoren eskutik, gaur, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.