albistea
ETB
Abian da 'Gernika bajo las bombas' tvmovie-aren filmazioa
E.O.
EITB
Luis Mariasek zuzendutako ekoizpena ETBk udazkenean estreinatuko du.
-
TV-moviearen aurkezpena. Argazkia: EITB.
Datorren astelehenean, apirilaren 30ean, 'Gernika bajo las bombas' bi ataletako tvmovie-aren filmazioa jarriko dute abian. Udazkenean estreinatuko du Euskal Telebistak Erpin 360º, Vértice Cine eta Baleukok ekoiztutako lan hau. Horrez gain, ETB, TV3, TVG eta Canal Surrek hartu dute parte produkzioan eta ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere badute.
'Gernika bajo las bombas' lanak bi atal izango ditu, 75 minutukoa bakoitza. Elkarren artean lotura duten hainbat istorio kontatuko dituzte. Istorioetako batzuk benetako pertsonaia historikoak dituzte oinarri, beste batzuk, berriz, fikziozkoak. Kontakizun anitz hauen lotura, Gernikako herriak 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioarengandik jasandako eraso ikaragarria.
Tvmovie-aren aurkezpena, hain zuzen ere, ostegun honetan, apirilaren 26an, Genikako Liceo antzokian egin dute. Bertan, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak, Luis Marias filmaren zuzendariak eta Marc Clotet, Aitor Mazo, Lander Otaola eta Teresa Calo aktoreak egon dira.
Aipatutako aktoreez gainera, Egoitz Sanchez, Sara Casasnovas, Roberto Alvarez, Antonio Dechente, Pep Tosar eta Ramon Bareak ere hartzen dute parte. Une eta garai zehatz hartako Gernikako gizartearen isla izan nahi du lan honek. Horrez gain, gerrak uzten dituen ondorioen historia unibertsala ere izan nahi du.
Datorren astelehenean abian jarriko den ekoizpenak lan-talde zabala izango du: 60 teknikari, 43 aktore eta 700 lagunetik gora arituko dira figurante. Zazpi astetan, Donostian, Hernanin, Oñatin, Oiartzunen eta Burgosen ibiliko dira filmatzen.
Proiektu honetan Luis Mariasekin batera Aitor Vitoria arituko da zuzendari laguntzaile. Asier Bilbao ekoizpenaren zuzendaria da eta Mikel Huercanos produkzio buru. Pau Monras, berriz, argazkiaren zuzendaria eta Pello Villalba zuzendari artistikoa. Musikaz Jose Ramon Gutierrez Hermida arduratuko da, Josune Lasa jantziez eta Eva Alfonso makillajeaz. Natalie Garcia eta Eduardo Barinaga dira produktore eragileak.
Elkarren artean lotura duten hainbat istorio
Elkarren artean lotura duten hainbat istoriok osatzen dute filma. Horietako batek 17 urteko Txato du protagonista, guraso langileen seme inmigrantea. Jesusen istorioa da bestea, Txatoren lagun mina, familia karlistakoa. Marinaz maiteminduta dago Txato. Neskak, ordea, Angel du gogoko, gazte bihurri eta Miarritzera ihes egin duen familia aberatsaren semea.
Hau jazotzen den unean bertan, Mola Generala, Espainiako Iparraldeko erreboltarien burua, Bilbon sartzeko plana lotzen ari da. Bere aginduetara dago Von Richtofen koronela, Condor Legioa alemaniarraren burua.
Eta azkenik, kanpoko begiraleak ere badu zer esanik, George Steer berriemaile britainiarra, alegia, errepublikarren aldekoa eta kausa errepublikarraren defendatzailea.