Itxi

albistea

500 saio

Munduko pastel errusiarrik handiena, Gasteizen Robin Food-ekin

A.E.

EITB

Pastel errusiarraren 6.000 zati banatu dituzte eta beste horrenbeste txokolate kikara San Prudentzio egunez Plaza Berrian.

00:32
Munduko pastel errusiarrik handiena egin du Robin Foodek Gasteizen

'Robin Food'ek 500 saio beteko ditu Euskal Telebistan eta oso modu entzutetsuan ospatu du, David de Jorge aurkezlearen estiloari jarraiki. San Prudentzio egunez Radio Vitoriak Gasteizko Plaza Berrian egin ohi duen txokolate janean hartu du parte sukaldariak. Bide batez, Arabako Gozogile eta Pastelgile Elkartearen laguntzarekin, munduko pastel errusiar handiena egin du.

Joan den urteko 'Super Filete Ruso' munduko hanburgesa handienaren prestaketarekin Bilboko Areatzan izandako arrakasta errepikatu nahi izan du David de Jorgek. Horretarako, Radio Vitoriak 25 urtez San Prudentzio egunean antolatutako txokolatadarekin bat egin du. 6.000 txokolate kikara banatu dituzte, munduko pastel errusiar handienaren 6.000 zatirekin batera.

Arabako Gozogile eta Pastelgile Elkartearen laguntzarekin pastel errusiar txikiez osatutako piramide handi bat osatu dute. Piramidea eszenatoki handi baten gainean egon da. Eszenatoki horrek 4x3 metroko oinarri baten gainean eutsi dio 1'8 metroko altuera duen pastel errusiarrari. David de Jorgek, pastelgileen laguntzarekin, banatu ditu pastel zatiak eta txokolate kikarak Gasteizeko Plaza Berrira hurbildu den jendearen artean.

Horrez gain, ekitaldira hurbildu direnek Radio Vitoriako 'Bogart Baila con Lobos' zineari buruzko saioa entzuteko aukera izan dute, irratsaioa bertatik egin baitute. EITB taldeko irratiak harreman estua izan du beti San Prudentzio egunarekin eta aurtengo ekitaldia berezia da, jaietako pregoia 'El Madrugador' saioko gidariek, Ivan Pascual eta Roberto Floresek, irakurri baitute.

'Robin Food'en 500 saioak

David de Jorgek 500 saio beteko ditu 'Robin Food' sukaldaritza tartearekin. Astelehenetik ostiralera, 14:30ean, ETB-2n, sukaldaritzarako hainbat trikimailu eta errezeta eskaintzen ditu hondarribiarrak.

Saioa egunero jarraitzen duten lagunen leialtasuna saritzeko asmoz, Tonelaje izeneko lehiaketa antolatu dute. Ikus-entzuleek euren errezetak bidali beharko dituzte eta trukean, hainbat sari irabazteko aukera izango dute: urte osorako arrautzak edo eta etxetresna elektrikoak. Errezetak blogaren eta robinfood@eitb.com posta elektronikoaren bidez jasoko dira.

Denboraldi honetako berrikuntzen artean, gainera, Martin Berasategi sukaldari ezaguna astean birritan izango da David de Jorgeren sukaldean lanean, pasa den denboraldian baino maiztasun handiagoz.