Itxi

telebista

22:30ean

"Duelo en las Alturas" saioaren denboraldi berria, Anne Igartibururekin, gaur gauean ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

Euskal Herriko arkitekturan zehar asteroko bidaia proposatuko du saioak, eta gure lurraldeko eraikuntza ikusgarrienak erakutsiko ditu aurretik telebistan erabili ez den 3D eskanerraren teknologiarekin.

  • Anne Igartiburu aurkezlea

    Anne Igartiburu aurkezlea. Argazkia: EITB Media

Gaur gauean, Euskal Telebistak "Duelo en las Alturas" saioaren denboraldi berria estreinatuko du. Anne Igartiburuk aurkeztuta, Euskal Herriko arkitekturan zehar bidaia proposatuko digu saioak astero.

Gure lurraldea garrantzi historiko eta artistiko handia duten eraikuntzez beteta dago eta saioak monumentu horietako hiru ezagutuko ditu atal bakoitzean. Eraikinen mila pasadizo, istorio eta berezitasun kontatuko dituzten adituak izango ditu Anne Igartiburuk gonbidatu, baina, batez ere, eraikinen handitasunean eta edertasunean barrena murgilduko dira.

Saioak telebistan inoiz ikusi ez dugun teknologia bat erabiliko du: eskaner bidezko teknologia, eraikuntzen hiru dimentsioko eredu erreala sortzen duen teknologia, hain zuzen ere. Horri esker, eraikinak ezagutzeko aukera ezberdinak eskainiko ditu: hormak zeharkatuko ditu, egituran zehar hegan egingo du, harresiak botako ditu eta elementu nabarmenenak birsortuko ditu.

Gure ingurunea ikusteko eta ulertzeko modu berri bat izango da. Horrez gain, droneak erabiliko dituzte, zerutik, eraikin eta monumentuen ikuspegi ezberdin bat eskaintzeko.

Lehen saioan: udaletxeak

Gaur gauean, "Duelo en las Alturas" saioa udaletxeei buruzkoa izango da, zehazki, Hegoaldeko lau hiriburuetako udaletxeak aurretik ikusi ez ditugun bezala erakutsiko ditu.

Hasteko, Bilboko udaletxearen eraikin monumentalean barrena murgilduko da. 1892an eraiki zen eta garaiko handikeriaren isla da. Barnealdean, espazio eta areto oso bereziak topa daitezke, horien artean, areto arabiarra.

Donostiako udaletxea kasino oso ezaguna izan zen XIX. mendean eta hiriko bizitza sozialaren erdigunea bilakatu zen hainbat hamarkadetan zehar.

Gasteizen, hiriko zabalduraren parte garrantzitsua izan zen udaletxearen eraikuntza XVIII. mendean, eta arkupedun plaza berrian kokatuta dago.

Amaitzeko, Iruñeko udaletxea XVIII. mendeko fatxada zaharra mantentzen duen eraikin ikusgarria da eta barruan, hainbat sekretu gordetzen ditu, besteak beste, kapera ezkutu bat.

Eraikin bakoitzaren ezaugarri eta bitxikeria guztiak ezagutzeko, hainbat adituren laguntza izango dute, eta, horrez gain, udaletxe bakoitzaren defendatzaile sutsuenak hartuko dituzte: Juan Mari Aburto, Eneko Goya, Gorka Urtaran eta Enrique Maya alkateak, hain zuzen ere. Gainera, lau aurpegi ezagunek eraikin bakoitzaren ezaugarriak azalduko dizkigute: Adela Gonzalez Bilbon, Juan Carlos Etxeberria Donostian, Zuriñe Hidalgo Iruñean eta Estibaliz Ruiz de Azua Gasteizen.