Itxi

telebista

22:30ean

Bigarren bizitza duten eraikinak, gaur gauean "Duelo en las Alturas" saioan

EITB Media

Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao, Tabakalera eta Montehermoso, aurrez aurre Anne Igartiburuk aurkeztutako saioan.

  • Azkuna Zentroa- Alhóndiga Bilbao "Duelo en las Alturas" saioan

    Azkuna Zentroa- Alhóndiga Bilbao. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Ostegun honetan, "Duelo en las Alturas" saioaren atal berri bat izango da ikusgai. Oraingoan, Anne Igartiburu aurkezleak bigarren bizitza bat duten hiru eraikinen iragana eta oraina erakutsiko digu. Iraganean, eraikin ikonikoen titulua lortu zuten, eta, gaur egun, bizirik jarraitzeko beren burua berrasmatzen jakin duten jauregiak eta eraikin industrialak dira, hain zuen ere. 

Hasteko, Bilboko Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao bisitatuko dute. Gaur egun, aisialdi gune ezagun bilakatu da ardo eta olio biltegi ohia. Ibon Areso Bilboko alkate ohiak eta Dani Alvarez kazetariak eraikinaren inguruko bitxikeria batzuk azalduko dituzte.

Horrez gain, Donostiako Tabakalera kultur ekoizpen eta hedapenerako zentroa ere bisitatuko dute. Iraganean estatu mailan garrantzitsua izan zen tabako fabrika da. Bertan, Maitena Salinas aktore eta aurkezleak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak eraikin horren sekretuak kontatuko dituzte.

Azkenik, Gasteizko jauregi nabarmenenetako baten bizitza guztiak ezagutuko dituzte: Montehermoso jauregiarenak. Orain, kultur etxe modernoa da, eta bere erakusketa-gela nagusia ur-biltegia izan zen gela batean dago. Gorka Aguinagalde aktoreak eraikinaren inguruko datu ezezagun batzuk emango ditu.

"Duelo en las Alturas" saioa ostegunetan izaten da ikusgai 22:30ean ETB2 eta eitb.eus-en.