Itxi

telebista

22:30ean

'The guilty' filmaren estreinaldia, gaur, "La Noche de..." saioaren 28. denboraldiari hasiera emateko

EITB Media

Atal berriak eta zinemari buruzko hainbat eduki prestatu ditu Felix Linaresek aurkeztutako saioak abian jarriko duen denboraldirako.

  • 'The Guilty' pelikularen irudia

    'The Guilty' pelikularen irudia

"La Noche de…" saioak The guilty (Den skyldige, 2018) film daniarra estreinatuko du telebistan gaur gauean. Benetako gertakarietan oinarritutako suspensez beteriko istorioa da, eta nazioarteko 39 sari irabazi ditu. Filmaren protagonista Jakob Cedergren aktorea da; emergentzia telefonoaren operadore baten azalean, bahituta izan den emakume baten deia jasoko du.

Estreinaldi honek emango dio hasiera "La Noche de.." saioaren 28. denboraldiari. Aro berrian, atal berriak eta zinemari buruzko hainbat eduki eskainiko ditu Felix Linaresek, orain arte jaso duen audientziaren harrera bikainari eusteko asmoz.

Klasikoak diren zenbait atal mantenduko dituzte, hala nola, Línea caliente, Gazapos eta Los vascos conquistan Hollywood. Halaber, berrikuntzak aurkezten joango dira apurka-apurka. Gaur gauean, El cine lo predijo atala estreinatuko dute. Bertan, zineman aurretiaz iragarritako mundu mailako gertakarien errepasoa egingo dute. ¿De quién es esta voz? izeneko tartean jolasean arituko dira ikus-entzuleekin. Hollywoodeko izarren benetako ahotsak jarriko dituzte eta norena den asmatu beharko dute. Lehiaketa itxura izango du, berriz, Tu personaje favorito izeneko atalak. Zine munduan ikur bilakatu diren pertsonaiak (Indiana Jones, Rambo, Lara Croft...) nola sortu diren azalduko dute, eta, ondoren, bakoitzak gustukoenaren aldeko boza eman beharko du.

The guilty filmaren emanaldiaren aurretik, Dakota Johnson aktorea hartuko du saioak protagonista, bere ibilbide pertsonal eta profesionala errepasatzeko. Horrez gain, duela 50 urte filmatutako pelikula bat gogoratuko du El cine lo predijo atal berrian: bertan, 2022. urteko gizartea irudikatu zuten, eta gauza asko asmatu zituzten. Los vascos conquistan Hollywood atal klasikoarekin amaituko du Felixek aste honetako saioa.

"La Noche de... The guilty" gaur izango da ikusgai 22:30etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en.