Itxi

telebista

23:30ean

"Memoria Eraikiz" dokumental saila, gaurtik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

Lehen atalak, 'Bi gerraren testigantza / Testimonio de dos guerras', Ukrainako gerraren eta Euskadin bizitako Gerra Zibilaren arteko antzekotasun tragikoak aztertuko ditu bi gatazketako errefuxiatuen testigantzetan oinarrituta.

  • "Memoria Eraikiz"

    "Memoria Eraikiz"

"Memoria Eraikiz" dokumental sailaren atal berriak izango ditugu ikusgai astelehenetik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en. Askatasun, berdintasun eta giza duintasun balioak leheneratzea eta sustatzea helburu duen ikus-entzunezko proiektuaren lau atal berriok ETB1en emititu dira lehendabizi. Horrekin batera, hiru podcast berri argitaratu dira EITBPodkast plataforman. EITB eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuaren arteko aliantzaren eskutik sortutako egitasmoak memoria eta giza eskubideen sustapena bultzatzen du.

Atal sorta berrian landuko diren gaiak honako hauek izango dira: Bi gerraren testigantza / Testimonio de dos guerras, Ukrainako gerraren eta 1936an Euskadin gertatutakoaren arteko antzekotasun tragikoen inguruko atala, bi gatazketako errefuxiatuen testigantzetan oinarrituta; Nik jakin nahi dut / Yo quiero saber, oraindik argitu gabe dauden ETAren atentatu gehienak 70, 80 eta 90eko hamarkadetan gertatu ziren eta garai hura ondo ezagutu zuten ETAren lau biktimen ahotsa bilduko duen atala; GAL, 1983 / GAL, 1983, kazetarien kontakizunean, sumarioko argibideetan eta CESIDeko dokumentu desklasifikatuetan oinarrituz, GALen sorrera eta lehen urte horietan burutako ekintza eta atentatuak aztergai dituena; eta Isiltasunetik askatasunera / Del silencio a la libertad, Francoren diktaduraren garaian, klandestinitatean sortu ziren euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarduera eta ekintza kulturalak errepasatzen dituena.

New Media ekoiztetxeak sortutako proiektua da, eta astelehenero izango da ikusgai 23:30etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en. Gaur, GAL erakundeari eskainitako atala eskainiko da.