Itxi

albistea

Asteartean

'Goenkale'k denboraldia agurtuko du, argitu gabeko hainbat konturekin

A.A.

EITB

Hilaren 26an 'Goenkale 18' gala izango da ikusgai telebistan, adin-nagusitasuna lortu izana ospatzeko.

  • 'Goenkale'ko taldea. EITB

    'Goenkale'ko taldea. EITB

Datorren asteartean, ekainaren 19an, 'Goenkale'ren denboraldiko azken atala eskainiko da ETB-1en. Trama asko daude zabalik eta horietako batzuk aste honetan argituko dira. Alabaina, beste batzuekin zer gertatuko den jakin gabe geratuko dira telesaileko jarraitzaileak.

Lukasek eta Malenek ezkontza prestatzen dihardute. Baina, bien bitartean, gaua elkarrekin pasa ostean, Lukasek eta Ikernek euren arteko maitasun-harremanari ekin diote isilpean. Itxasok badu susmoren bat.

Nekanek Ernestori jakinaraziko dio haur lapurretekin lotura duela frogatzen duen informazioa duela. Ernestok Ines gezurretan ari dela esango dio. Aldi berean, Ertzaintzaren komisariara bideo bat helduko da. Bertan, Inesek gizon bat hil zuela aitortzen du.

Ibik Jokinekin alde egingo duela, eta ez dutela gehiago ikusiko esango die Karlos eta Leori. Karlosek uste du Jokin ez dela agertuko. Hitzordura elkarrekin joatea proposatuko dio alabari; Jokin etortzen bada joaten utziko dio.

Sor Paresik ez du kartzelara joan nahi eta laguntza eskatuko dio Ernestori; Ernestok, ordea, ez dio jaramonik egingo. Mojak mendeku hartuko du, Maleni egia osoa kontatuz.

Emozioa puri-purian eta ikus-entzuleen arreta bereganatuz agurtuko du 'Goenkale'k denboraldia. Euskaldunen artean %11,5eko audientzia zatia eta 71.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu du bataz beste denboraldi honetan.

'Goenkale 18' gala

Bestalde, datorren ekainaren 26an, telesailaren 18. urtemuga ospatzeko gala izango da ikusgai telebistan. Loreto Mauleonek eta Joanes Passicotek aurkeztu dute saioa, eta kantuan eta dantzan jarriko ditu 'Goenkale'ko hainbat aktore. Horren gain, umore printzak ere izango ditu eta une hunkigarriak biziko dira urte hauetako ibilbidea gogoratuz.

Pausokak eta ETBk ekoiztutako telesaila Estatuko zaharrena da. Adin nagusitasuna lortu ostean, irailean itzuliko da ETB-1eko programaziora 19. denboraldiarekin. Lukas eta Malenen ezkontzaz gain, istorio eta pertsonai berriekin gozatzeko parada izango dute ikus-entzuleek astelehen eta astearte gauetan.