Itxi

albistea

Kirol emanaldiak

Igandean hasiko da estropada denboraldia ETBn

A.A.

EITB

San Miguel Liga osoa, ARC-KAE Ligako hiru proba, Euskadi eta Espainiako txapelketak eta Kontxako Bandera eskainiko dira ETB-1en eta eitb.com-en.

  • ACT San Miguel. EITB

    ACT San Miguel. EITB

Igandean abiatuko da estropada denboraldia Euskal Telebistan, Elantxobeko Ikurriñaren emanaldiarekin. ARC-KAE Ligako lehen proba honekin abiatuta, maila honetako beste bi estropada (Orio eta Zarautz), San Miguel Liga eta Euskotren Liga osoak, Euskadi eta Espainiako txapelketak eta Kontxako Bandera zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango dira ETB-1en eta eitb.com-en. Mikel Olazabalek gidatuko ditu estropada emanaldiak, Ibon Gaztañazpi adituaren laguntzaz. Sara Gandarak elkarrizketak egingo ditu.

ETB-1en egingo diren zuzeneko emanaldiak ETBKn diferituan izango dira ikusgai: larunbatekoak 23:30ean eta igandekoak 17:30ean eta 23:30ean.

Bestalde, astelehen gauetan programazio berezia izango da ETBKn 22:30etik aurrera. Lehendabizi, 'Boga Boga' saioa izango da ikusgai, San Miguel Ligaren eta emakumezkoen Euskotren Ligaren inguruko berriekin. Bi lehiaketa horietako aktualitatea luze eta zabal jorratuko dute elkarrizketa, erreportaje eta solasaldien bitartez. Mikel Olazabal eta Ibon Gaztañazpi elkarrekin arituko dira hemen ere.

Jarraian, 23:30ean, ARC-KAE Ligako saio berezian, asteburuan jokatutako estropadaren kontakizuna egingo du Manu Maritxalarrek.

Azkenik, uda osoan, 17:30ean, estropada historikoak berriro ikusteko aukera izango da ETBKn.