albistea
22:15ean
Lapuebla eta Ziortza-Bolibar herriak, asteleheneko 'Bizirik' saioan
A.H.
EITB
Urko Aristik Arabako eta Bizkaiko bi herri txiki hauek ezagutuko ditu.
-
Urko Aristi. EITB
Asteleheneko 'Bizirik' saioan, Lapuebla de Labarca eta Ziortza-Bolibar herrietara joango da Urko Aristi. Arabako Lapuebla de Labarca Ebro ibaiaren ertzean dago, Errioxarekin mugan. Mahastiengatik eta ardoagatik aski ezaguna da Lapuebla eta errealitate hori bertatik bertara ezagutuko du aste honetako saioak. Larraitz Mendikutek herriko mahastiak erakutsiko ditu kameren aurrean eta Alvaro Garridorekin upategietara joango da.
Baina Lapueblak mahastiak eta ardoa baino gauza gehiago ere baditu erakusteko. Teresa Fuertesen okindegian Rosca eta Cachete gozoak nola egiten diren ikusiko du 'Bizirik'ek, Lapueblako ikastola bisitatuko dute eta Anabasa musika talde metaleroaren entsegu batera ere joango dira.
Ziortza-Bolibarren, berriz, Simon Bolivar Amerikako Askatzailearen arrastoa jarraituko du, pertsonaia historiko honek Bizkaiko herri honetan baitu jatorria. Pertsonaia interesgarri gehiago ere jaio dira Ziortza-Bolibarren eta horietako bat da Jose Ramon Illoro, Bolibarko Txikito. Bost aldiz Munduko Txapeldun izandako pilotariak bere jatetxea erakutsiko du aste honetako saioan. Halaber, Ziortzako monasterioan bizi diren fraideen bizimodua ezagutuko dute eta herriko boilatokian Hiru Txirlo jokora nola jokatzen den ikasiko du Urko Aristik.
'Bizirik' saioa astelehenean izango da ikusgai 22:15ean ETB-1en.