Itxi

albistea

Sukaldaritza saioa

'Oihaneder Bere Saltsan' saioa, astelehenetik aurrera, ETB-1en

E.O.

EITB

Aizpea Oihaneder sukaldariaren tartea 13:30ean eta 21:15 eskainiko da egunero.

01:06
ETBk 'Oihaneder bere saltsan' saioa aurkeztu du

ETB-1ek 'Oihaneder Bere Saltsan' sukaldaritza saioa estreinatuko du datorren astelehenean, uztailaren 2an. Aizpea Oihaneder sukaldari ospetsua izango du gidari. Astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, 13:30ean eta 21:15ean.

25 minutu iraungo du atal bakoitzak. Aizpeak plater erraz eta praktikoak prestatzen erakutsiko du. Sukaldean ibili nahi duen edozeinentzat errazak izango dira errezetak.

Adin guztietako ikus-entzuleei zuzendutako saioa da. Jaki zaporetsu eta gozoekin batera, kolore eta usainak ere nahastuko dira plater hauetan. Edozeinek prestatzeko moduko platerak izango dira, modu onean aterako diren errezetak, gainera.

Kalitatezko sukaldaritzaren ordezkari ere bada Aizpea Oihaneder, eta sormenezko sukaldaritzan barneratuko da tarteka. Hori bai, jakia erraz prestatzea izango da helburua beti ere.

Koloretsua eta xumea izango da grabazio seta. Aizpea Oihanederrek sukaldeko tresnak erabiltzen erakutsiko digu. Prestatu behar diren platerak errazago egiteko trikimailuak eta aholkuak ere kontatuko ditu.

Gonbidatuak izango ditu noiz behinka saioan. Gustuko dituzten platerak prestatuko dituzte. Gonbidatuok, aukeratutako jakiaren inguruan hitz egingo dute: nola prestatzen den kontatu, egiten nork erakutsi dioten azaldu, eta abar. Gonbidatuen artean, hauexek laster ikusiko ditugunak: Josean Larrañaga Urko abeslaria; Koldo Olabarri 'Bi eta Bat'eko aktorea; Eneko, Aizpea Oihanederren iloba gaztetxoa; Edorta Lamo 'A Fuego Negro'ko sukaldaria, eta Leire Arandia Ordiziko D'elikatuz zentrokoko arduraduna.

Saioa Trauko Management-ek ekoiztuko du ETBrako, Ainara Triguerosen zuzendaritzapean.

Aizpea Oihaneder

Aizpea Oihaneder 1997an hasi zen sukalde kontutan: hasteko, Arzaken sukaldean ikasle gisa aritu zen eta ondoren, Rocamador jatetxean bost urte eman zituen egunero jardunean. Martin Berasategui, Michel Bras eta Garesko El Peregrinon ere aritu zen. Xabier Diez senarrarekin Xarma jatetxea dauka gaur egun. 35 lagunentzako jantokia du eta harreman hurbila eta pertsonala du bezeroekin. Kalitatea da bere marka: produktuetan eta jakiak prestatzeko orduan ere. Aizpea Oihaneder Estatuko emakumezko 12 sukaldari onenen artean dago.