albistea
22:15ean
Kanpezu eta Larraine ezagutuko ditugu gaur 'Bizirik' saioan
A.H.
EITB
Kanpezu Arabako herri txikia da eta Larraine Zuberoako herririk zabalena da. Bietako bizimodua gertutik ezagutuko du Urko Aristik.
-
Kanpezu 'Bizirik' saioaren 5. atalean. EITB
Asteleheneko 'Bizirik' saioan Kanpezu eta Larraine herrietara joango da Urko Aristi. Arabako Kanpezu herria leku estrategikoa izan da historian eta horregatik historiari eta kulturari lotutako ondare aberatsa du. Jon Basterra kanpezuarrak emango dio ondare horren berri Urko Aristiri, eta besteak beste, Santikurutzeko Andra Mariaren Jasokunde Parrokia bisitatuko dute, Euskadiko Monumento HIstorikoa.
Kanpezu inguruko lurretan boilurrak (trufak) biltzen dituen jendea elkarrizketatuko du Urkok eta herriko arrain haztegian zartailu modalitateko arrantza nola egiten den ikasiko du. Ibernalo izeneko herriko emakume batek bere izenaren jatorria azalduko dio, Kanpezun oso ohikoa baita Ibernalo izena. Amaitzeko, Antoñanako hiribildu harresitua ere bisitatuko du Urkok eta Kanpezuko eskalatzaileekin eskualdeko paraje dotoreak ezagutuko ditu.
Eta Arabatik Iparraldera egingo du salto Urko Aristik eta Orhiren magalean topatzen den Larraine herria ezagutuko du, Zuberoako herririk zabalena. 12.600 hektarea ditu, baina 208 biztanle besterik ez. Gehintsuenak laborariak dira, eta lanbide horren orainari eta geroari buruz hitz egingo du Sebastian Uthurriague alkate eta laborariak. Orhiren magalean bizi diren artzainen bizimodua bertatik bertara ezagutuko du 'Bizirik' saioak eta Ossau-Irati jatorrizko izendapena duen gazta nola egiten den ere ikasiko du. Bereterretxeren 'Kantorea' abesti famatuak Larrainen du jatorria eta kanta horren protagonistaren arrastoa jarraituko du Urkok. Erregetxopitak herriko dantza taldearen entsegu batean ere izango dira.
'Bizirik' astelehen honetan da ikusgai 22:15etik aurrera ETB-1en.