Itxi

albistea

Larunbatean

San Fermin Torneoko finala, ETB-1en eta eitb.com-en

A.A.

EITB

Txapelketa berdineko erremonte finala, Tourreko 14. etapa, Euskadi Saboreala Bandera eta Santanderreko zaldi jauziak ere bai.

  • Joxan Tolosa eta Xabier Euzkitze. EITB

    Joxan Tolosa eta Xabier Euzkitze. EITB

Larunbateko kirol programazioaren arreta gunea Iruñeko Labrit pilotalekuan egongo da, San Fermin Torneoko finala jokatuko baitute Xalak eta Zubietak, Oinatz Bengoetxea eta Beginoren aurka. 22:15ean hasiko du emankizuna ETB-1ek, Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Koldo Aldalurren eskutik. Binakako beste bi partidekin osatuko dute jaialdia: Olazabal-L. Galartza / Rico IV-Untoria eta Saralegi-Otxandorena / Jaunarena- Zabaleta.

Larunbatean bertan, arratsaldeko bostetan, txapelketa berdineko erremonte finala jokatuko da Uharten. Ezkurra-Olazar eta Urtasun-San Miguel bikoteen arteko norgehiagoka gauean (22:30) izango da ikusgai ETBKn, Iñigo Aiestaran eta Iñaki Agirrezabala Matxin-en kontakizunarekin.

Alabaina, kirol eskaintza 14:15ean abiatuko da ETB-1en, Frantziako Tourreko 14. etaparekin. Saint-Paull-Trois-Châteaux eta Le Cap d'Adge arteko ibilbide luzearen nondik norakoak ekarriko dizkigute Pedro Mari Goikoetxeak eta Xabier Usabiagak. Pirinioetarako bidean, nekea ahaztu eta abentura gogoz direnek erakustaldia egiteko aukera aproposa izango dute.

18:00etan, ETB-1en baita ere, Galiziarekin bat eginez, San Miguel Ligako 5. jardunaldiaren berri emango dute Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandarak: Euskadi Saboreala Bandera.

Azkenik, 17:30ean ETBKn zaldi jauziei irekiko diete tartea, hilaren 8an Santanderren jokatutako proba eskaintzeko. Pedro Mari Goikoetxea izango da berriemaile.

Estropadak, pilota eta txirrindularitza eitb.com-eko streaming bidez ere ikusgai izango dira.