albistea
Dantza, musika, antzerkia
'Amaiur 2012', haien ametsa gurea da' ikuskizuna, gaur ETB-1en
A.E.
EITB
Pier Paul Berzaitz zuzendari izan duen antzerkia eskainiko da. 110 pertsona inguruk hartu dute parte: tartean abeslariak, bertsolariak, dantzariak eta antzerkigileak
Amaiur 2012', haien ametsa gurea da ikuskizuna eskainiko da ETB-1en 22:20ean, gaur gauean. Gaztelu Elkarteak bultzatu eta Pier Paul Berzaitz eta Kompany Beritzak zuzendutako ikuskizuna Amaiurren grabatu zen joan zen larunbatean, uztailaren 21ean.
Aurten 500 urte bete dira Fernando II.a Katolikoa Gaztelako erregeak Nafarroa konkistatu zuela. Gaztelu Elkarteak, Amaiur eta Baztan ibarreko biztanleak, urteak daramatzate bere historia berreskuratu nahian eta urteurrena oroitzeko antolatu dute ikuskizuna.
110 pertsona inguruk hartu dute parte: tartean abeslariak, bertsolariak, dantzariak eta antzerkigileak. Nafarrak, zuberotarrak eta gipuzkoarrak igo dira agertokira. Lau ataletan banatzen da lana: Lehen gertaldia, Errege katoliko inperialistak; Bigarren gertaldia, Nafarroaren konkista dorpea; Hirugarren gertaldia; Amaiurko setioa eta laugarren gertaldia Nafarroa Betikoa.
Ikuskizunean , Edu Muruamendiaraz aritu da koreografo eta Karlos Gimenez izan da, berriz, musikaren arduraduna. Teknika lanez, Joxe Luis Zabala eta Irudiots arduratu dira.
Horrez gain honako hauek ere hartu dute parte: Iruñako Amaiur Dantza taldeak, Donostiako Aukeranek; Zuberoa eta Amaiurko kantariak; Magali Zubillaga, Arantxa Irazusta, Petti, Mixel Arotze bakarlariak, Amets Arzallus bertsolaria; Beñat Montan eta Peio Larre antzerkilariak, eta baztandar eta zuberotar bolondresak, figurante gisa.