albistea
Emanaldi berezia
Errekortari 2012 lehiaketako finala ETB-1en
A.H.
EITB
Abuztuak 18an Tafallan ospatutako ekitaldia eskainiko da, Imanol Artola eta Migel Zendoiaren eskutik.
Errekortari 2012 lehiaketako finala eskainiko du Euskal Telebistaren lehen kateak gaur, 22:00etan. Ohi denez, Tafallako zezen plazan jokatu da Errekortari lehiaketako finala, beste bi finalerdietako, Azpeitia eta Lizarrako, errekortari onenen artean. Imanol Artolak eta Migel Zendoiak abuztuaren 18ko ikuskizunaren kronika egingo dute ETB-1en.
Hamasei errekortari izango dira nor baino nor final honetan: Moises Fernandez "Moy", Julián Gomez "Carpio", Francisco Barriga "Chipu". Sergio Valle, Eloy Puerto, Sergio Urrutikoetxea, Francisco Martinez "Panchito", Mikel Romero, Alejandro Garcia "Pajarito", Asier Guerra, Ruben Fernandez "Cuatio", Oscar Morales, Jonatan Estebanez "Peta", Victor Holgado, eta Juanjo Marti. Los Recitales ganadutegiko zezenekin arituko dira lehian 16 errekortariak.
Aurrez aurre, zezenari iskin egitea da errekortarien eginbeharra, gerriarekin mugimenduak osatuz. Adorea, azkartasuna eta trebetasuna nahitaezkoak dira zezenaren erasoari aurre egiteko, 500 kilotik gorako animaliak baitira. Teknika ezberdinak erabiltzen dituzte.
Ikusleek ikuskizunarekin gozatzen duten bitartean, epaileek errekortarien lana ebatzi behar dute. Zezenari aurre egiteko moduan erreparatzen dute, pausuen zailtasuna eta gardentasuna ere kontuan izanez.
'Errekortari 2012' finala ostegunean emitituko da, 22:00etan, ETB-1en.