Itxi

albistea

Aste honetan

Fermin Muguruzaren 'Zuloak' dokumentala hizpide, 'EITB Kultura'n

A.H.

EITB

Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendutako Bypass filma ere ezagutuko dute.

  • Fermin Muguraza aurkezpen egunean

Aste honetako 'EITB Kultura' saioak Donostiako Zinemaldian aurkeztu diren hainbat ekoizpen hartuko ditu hizpide. Lehendabizi, Fermin Muguruzaren Zuloak dokumentala, urriaren 5ean estreinatuko dena. Fikziozko filma da eta neskaz osaturiko musika taldea hartzen du protagonista. Ondoren, Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendutako Bypass filma. Komedia erromantiko honek bikote harremanak hartzen ditu hizpide eta aktore oso ezagunek parte hartu dute: Gorka Otxoa, Sara Cozar, Barbara Goenaga, Itziar Atienza, Mikel Losada eta Unax Ugalde. Urriaren 4an estreinatuko da.

Horrez gain, Victor Arrizabalagaren 'Otros libros' erakusketan murgilduko da 'EITB Kultura'. Liburuak eta literatura hizpide hartzen dituen eskultura eta collage bilduma honek hamar idazleren parte-hartzea jaso du. Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Kirmen Uribe idazleek, besteak beste, letra jarri diote Arrizabalagaren lan artistikoari.

Amaitzeko, arkitekturari tartea eginez, Usurbilgo udalaren Kultura Departamenduaren egoitza berria ezagutuko du 'EITB Kultura'k. Egoitza Casa Potxonean dago, herriaren alde zaharraren mugan, eta eraikinaren errehabilitazioa 0S3 Arkitektura taldeak egin du. Juan Pedro Otaduy Zubizarreta, Maialen Sagarna Aranburu eta Ainara Sagarna Aranburu arkitektoak proiektuaren inguruan arituko dira.

'EITB Kultura' astelehenean emitituko da 23:10etik aurrera ETB-1en, asteartean 01:10etik aurrera ETB-2n eta ostiralean 23:15etik aurrera ETB-3n.