telebista
Euskal dantza
Euskal Herriko XXXVI. Dantza Txapelketa, igandean, 12 bikoterekin
A.A.
EITB
Segurako Baratze pilotalekuan izango da hitzordua 18:00etan eta eitb.com-en zuzenean jarraitu ahal izango da. ETB-1ek igande gauean bertan, 21:45 emango du ekitaldia.
-
Euskal Herriko Dantza Txapelketaren aurkezpena
Datorren igandean, urriaren 14an, jokatuko da XXXVI. Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran. Hamabi bikote ariko dira nor baino nor gehiago oholtza gainean, arratsaldeko 18:00etan hasita. eitb.com webgunean zuzenean jarraitu ahal izango da lehiaketa. Telebistaz, berriz, igandean bertan emango da 21:45ean. Erreportajea ere prestatzen ari da Euskal Telebista, txapelketaren ibilbidearen inguruan.
Asteazken honetan, urriaren 10ean, ETBko Donostiako Miramongo egoitzan egin den aurkezpen ekitaldian eman dute aurtengo lehiaketaren berri. Garazi Lopez Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Eluska Gerriko Segurako alkatea, Xabier Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko presidentea eta Andoni Salas ETBko produktorea izan dira bertan.
Hamabi bikotek parte hartuko dute aurten eta, ohi denez, bakoitzak fandangoa txistuz eta arin-arina trikitiaz dantzatuko du. Ixilkara txistulari taldeak fandangoa joko du eta arin-arina, berriz, Joseba Iparragirrek eta Ander San Josek.
Gipuzkoatik zortzi bikote datoz. Hiru bikote Azpeititik: Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga, Amets Amubieta eta Maialen Aldalur, eta Jon Ibarguren eta Idoia Besada. Bi bikote Oiartzundik: Xanti Leonet eta Izar Etxeberria, eta Eneko Iparragirre eta Udane Eskudero. Beste herrietatik bikote bana: Amasa-Zizurkildik Beñat Monfort eta Naiara Larrañanaga, Villabonatik Iker Sanz eta Lierni Kamio, eta Ibarratik Maria Camarero eta Goretti Galarraga.
Bizkaikoak, berriz, lau bikote izango dira: Trapagarandik Oihan Martinez eta Ibabe Beristain, Leioatik Lander Campos eta Haizea Hormaetxea, Portugaletetik Diego Duran eta Eneritz Manzisidor, eta Sestaotik Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas.
Epai-mahairi dagokionez, dantzen epaile Gabriel Alonso, Izaskun Iturri, Jone Idiazabal, Karlos Sarriegi eta Xabier Mendizabal arituko dira. Jantzi epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.
Dantza Txapelketak ETBri eta Euskadi Irratiari lotutatako ibilbidea luzea
ETBk eta Euskadi Irratiak 30 urte betetzen dituzte aurten. Urte hauetan guztietan Dantza Txapelketa oso presente izan da bi komunikabide hauen ibilbide luzean. Euskadi Irratia izan zen hasieran Dantza Txapelketaren babeslea. 1994tik aurrera, berriz, emaldia telebistaz eskaintzen hasi ziren. Aurten 18. urtea izango da ETB-1ek txapelketa ematen duela, ikus-entzuleen erantzun ona jasoz. Ibilbide hau gogoratzeko, erreportajea lantzen hasi da ETB.
Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute txapelketa. Epai-mahaiaren balorazioa ere bilduko dute emanaldian eta, horrez gain, parte hartuko duten dantzari bikoteen iritzi eta inpresioak jasoko dituzte ETB-1eko saiorako. Agustin Ezenarro kazetariak egingo ditu elkarrizketak. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, halaber, Kukai dantza taldearen ikuskizuna eskainiko dute Jon Mayaren zuzendaritzapean.