albistea
ETB-1en, gaueko 22:00etan
12 lehiakide 'Kantuan'en bigarren saioan, larunbatean
A.E.
EITB
Gainera, urriaren 30ean 'Kantuan Prest' estreinatuko du ETB-1ek, lehiaketako gorabeherak aztertzeko tartea, Maider Gorostegik gidatuta eta Oihan Vega eta Miren Fernandez solaskide direla.
'Kantuan' saioaren bigarren atala urriraren 27an helduko da ETB-1era, gaueko 22:00etan. Aurreko saioan 25 lehiakide izan ziren kasting erraldoian parte hartzen. 12 besterik ez zituen aukeratu 'Kantuan' saioko epaimahaiak (Joli Pascualena, Iñigo Arbiza eta Joseina Etxeberria).
Larunbateko saioan 12 partaideak ezagutuko ditugu, nongoak diren, zer egiten duten, nola heldu diren musika mundura, esperientziarik duten ala ez. Hauek izango dira 12 horiek: Idoia Bediaga, Iraitz Udabe, Esti Etxeberria, Maitane Urien, Leire Gotxi, Xabi Zurbano, Leire Elustondo, Iraide Irigoien, Leire Tejada, Jon Urbieta, Rakel Vicente eta Irati Rivas.
Denetariko kantak abestu beharko dituzte. Asko eta asko, kanta zailak benetan. Arrisku handia hartuko dute lehiakideek aurrera egiteko asmotan, ahalik eta hoberen defendatzen, tokatu zaien abestia norbere estilokoa izan ala ez. Izan ere, fase honetan entzungo ditugun kantuak programaren aukera baitira, eta ez lehiakideenak.
12 lehiakidek hartuko dute parte 'Kantuan' programan, baina zenbatek egingo dute aurrera? Saioaren hasieran epaimahaiak kartazal baten bidez jakinaraziko du zenbat lehiakide kanporatuko diren saio honetan. Hori hasieran, baina 'Kantuan' saioa sorpresaz beterik dago, eta saioan zehar, beste sorpresa batzuk ere izango dituzte.
'Kantuan Prest'
'Kantuan'en harira, 'Kantuan Prest' saioa estreinatuko du ETB-1ek datorren asteartean, urriaren 30ean. Maider Gorostegi Gazteako esataria izango du gidari tarteak eta berarekin batera, bi solaskide egongo dira: Oihan Vega dj-a, Gazteako aurkezle ezaguna baita ere, eta musikan aditua, eta Miren Fernandez abeslari eta 'Kantuan' programan lehiakideei musika aholkuak emateaz arduratzen dena.
Hiruen eginkizuna 'Kantuan' lehiaketaren azken atalean gertatutako guztia aztertzea izango da: lehiakideen saioak, epai-mahaiaren erabakiak, eszenario gaineko unerik hunkigarrienak, saioan sortu daitezkeen liskarrak... Zer konta eta zer aztertu asko izango da 'Kantuan Prest' saioan. Horrez gainera, saio bakoitzean lehiakideren bat ere izango dute gonbidatu.