Itxi

albistea

Estreinaldia

'Hitzetik Hortzera'ren denboraldi berria, gaur gauean, ETB-1en

A.A.

Erredakzioa

Aurten ostiraletan ikusi ahal izango dugu, ordutegi nagusian, 21:00etan hasita. Lehenengo atalean, Iruñeko Bertsoaroako hainbat pasarte emango dituzte.

00:38
'Hitzetik Hotzera'ren denboraldi berria, ostiralean ETB-1en

Hitzetik Hortzera’, ETB-1eko bertsolaritzari buruzko saioa bueltan da. Denboraldi honetan, ostiraletan, ordutegi nagusian, emitituko da, 21:00etan hasita. Igande bazkalosteetan ere ikusi ahal izango da. Lehenengo saio honetan, Iruñeko Bertsoaroa ekimeneko hainbat pasarte emango dituzte.

Hainbat aldaketarekin itzuliko da ‘Hitzetik Hortzera’. Hasteko, ez da platorik egongo, eta beraz, Jon Artano zuzendari eta aurkezlea batetik bestera ibiliko da bertsolaritzaren inguruko istorioen bila. Modu horretara, bertsoen munduko protagonistak euren habitatean harrapatuko ditu saioko lantaldeak. Eta ohi bezala, plazaz plaza bildutako bertso saio onenek osatuko dute emankizuna.

Lehendabiziko atal honetan, Iruñako Bertsoaroan izango da Jon Artano. Iruñara bidean, Atarrabiako gaztetxean sartu-irtena egingo du Oskar Estangarekin, denboraldi honetako sintonia egin duen bertsolari eta musikariarekin, egoteko. Izan ere, Gaintzako bertsolariak euskal kantak eta batukada nahastuko dituen taldea sortu du, eta entsegura gonbidatu du.

Gero, Gurutze Plazako institutuko saiora joan aurretik, hirugarrenez Xilabako txapeldun egin den Amets Arzallusekin ere izan dira programakoak. Eta urtebetetzetako oparia egin diote, finalaren bezperan bete baitzituen 29 urte. Bertso saioa oso ona atera zen. Ainhoa Aranburuk ezohiko moduan, audioak erabiliz, eman zizkien gaiak Amets Arzallusi eta gainerako bost bertsolariei: Jon Maia, Maialen Lujanbio, Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta, eta Igor Elortzari.

EITBk eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak elkarlanean egingo dute aurten ere ‘Hitzetik Hortzera’ saioa eta Lanku bertso zerbitzuek ekoitziko dute. Erredakzioan, Jon Artanorekin batera, Felix Irazustabarrena eta Eneritz Urkola arituko dira; eta kamerari lanak Luis Gurrutxagak eta Haritz Arrizabalagak egingo dituzte.

Ostiralero ordutegi nagusian, 21:00etan, egingo da lehenengo emanaldia. Bigarrena, aldiz, igandeetan 15:00etan izango da. Horrez gainera, eitb.com-en eta EITB Nahieranen edozein momentutan aurkitu ahal izango da.