Itxi

albistea

ETB-2n

'Mi barrio es el mejor' saioa eskainiko du gaur gauean 'Equipo ED'k

Euskal Herriko zortzi auzotako bizilagunak izango ditu hizpide saioak.

  • Mi barrio es el mejor

    Mi barrio es el mejor

Gaur gauean, 22:30etik aurrera, 'Mi barrio es el mejor' saioa eskainiko du 'Equipo ED'k. Euskadi Directoko taldearen 2013ko lehenengo saioak Euskal Herriko zortzi auzotako bizilagunak izango ditu hizpide.

Hasteko, Bilboko Otxarkoaga auzoan izango da 'Equipo ED'. Auzoa Frankismo garaian eraiki zuten Gaztela eta Leon, Extremadura eta Andaluziatik lan bila etorri ziren etorkinek. Bertan, txinatar merkatuko produktu adierazgarrienak erakutsiko dituzte, eta auzoak azken urteotan izandako garapenari buruz hitz egingo dute auzokideek.

Ondoren, Altzako bizilagunekin izango dira 'Equipo ED'ko kideak. 1940 arte hiribildu independentea zen Altza, eta bertako auzoko askori horrela izaten jarraitzea gustatuko litzaioke. Auzoan izandako droga arazoak, bertako baserriak eta gaur egun dituzten arazoak ezagutuko ditugu auzo donostiarrean.

Gipuzkoan, Eibarreko Amaña auzoa ere bisitatuko dute. Amañak danborrada eta jai propioak ditu, eta auzokoek Eibarrekoak baino hobeak direla uste dute. Gainera, zorte handiko auzoa dela diote askok, 2010. urtean Arrate loteria-saltzaileak 11 milioi euroko saria banatu baitzuen.

Bilboko auzo berriena izateaz gain, Euskadiko jaiotza-tasa altuena du Miribillak; hori dela eta, bertako auzokoekin izango da 'Equipo ED'. Auzo berri honen abantailei eta gabeziei buruz hitz egingo dute bertako familia batzuek.

Ondoren, Masustegira eramango gaitu saioak, bertakoek ezkutuan eraikitako auzo batera. Duela bi urte aitortu zuen Bilboko Udalak Masustegi auzo bezala, bertako etxeak eraikitzeko hartutako lurrak erosi zituenean.

Gasteizen, Zaramaga eta Errekaleor auzoak erakutsiko dizkigute. Beste autonomi erkidegoetatik etorriak jasotzeko jaio ziren biak, baina bestelako etorkizuna dute aurrean. Zaramagak hazten jarraitzen du, atzerritik etorritako etorkinei esker, baina Errekaleor desagertzear dago. Hasieran osatzen zuten 192 etxebizitzetatik, 28 baino ez dira geratzen gaur egun.

Bizkaiko auzo burgesetan burgesena ere bisitatuko dute: Neguri. Auzo horren historia ezagutuko dugu bere jauregi famatuen bitartez, eta bertako bizilagunak Negurikoen aberaskume irudia garbitzen saiatuko dira.

'Equipo ED' gaur gauean, 22:30ean, izango da ikusgai, ETB-2n.