6 Argazkitan
Gaur, ETB1en
Joseba Arregi, '6 Argazkitan' saioko atal berrietan
A.A.
EiTB
Jose Luis Korta, Gorka Knörr eta Pampi Ladutxeren ibilbidea gertutik ezagutzeko aukera ere izango dugu Pedro Mari Goikoetxearen eskutik.
'6 Argazkitan' saioaren atal berriak izango dira ikusgai gaurtik aurrera ETB1en. Joseba Arregi, Jose Luis Korta, Gorka Knörr eta Pampi Ladutxe izango dira sorta honetako protagonistak. Euren bizitzaren errepasoa egingo du Pedro Mari Goikoetxeak, esanahi berezia duten sei argazki aitzakia hartuta.
Joseba Arregi politikaria, Teologian eta Soziologian doktore eta Eusko Jaurlaritzako sailburu izandakoa, gertutik ezagutzeko parada izango dugu gaurko atalean.
Kontakizuna haurtzarotik hasiko dute, Andoainen. Mikel eta Begoña anai-arrebak lagun dituela, txikitako oroitzapenak ekarriko ditu gogora. Euren etxean 20 urtez bizitzen egon zen Manuel Lekuona euskaltzale eta apaizaz, eta 26 urterekin auto istripuz hil zen Ricardo anaiaz mintzatuko dira.
Seminario garaiko kontuez hitz egiteko bertan kide izan zituen hainbat lagunekin elkartuko dira. Garai hartako mugimenduetan parte hartzeagatik, ETAko kide zela leporatuta, Martuteneko espetxean sartu zuten. Orduan ezagutu zituen Imanol Larzabal eta Xabier Bareño.
Apaiztu eta Alemaniara joan zen ikastera, eta bertan ezagutu zuen ondoren bere emazte izango zena, Margred. Hiru seme izan zituzten, baina tamalez, jada Euskal Herrian bizi zirela, emaztea hil egin zen bat-batean. Handik bi urtera Amaia Anasagastirekin ezkondu zen. Urte latz haiek gogoratuko du Joseba Arregik.
Bere ibilbide politikoaren errepasoa ere egingo du. EAJko kide zen garaiaz mintzatzeko Joxe Joan Gonzalez de Txabarri eta Juan Mari Juaristi izango ditu alboan. Andoni Unzalurekin eta Maite Pagazaurtunduarekin, berriz, alderdi nazionalistatik aldendu ondorengo urteei buruz eta Euskal Herriaren etorkizunaz arituko da.
'6 Argazkitan' saioa 21:40ean izango da ikusgai gaur, ETB1en.