Itxi

6 Argazkitan

Pedro Mari Goikoetxearekin

'6 Argazkitan' saioaren denboraldi berria, gaur, ETB1en

A.A.

EiTB

Jose Antonio Ardanza, Pampi Laduche, Jose Antonio Bastegieta Marko, Jose Mari Bakero eta Maite Idirin izango dira gonbidatuetako batzuk.

0:37

Pedro Mari Goikoetxeak gidatzen duen '6 Argazkitan' saioaren 2. denboraldia jarriko da abian gaur ETB1en. Jose Antonio Ardanza lehendakaria izango dute sorta berri honetako lehen protagonista. Hurrengo gonbidatuak, besteak beste, Pampi Laduche pilotari ohia, Jose Antonio Bastegieta Marko Kortezubiko alkate ohia, Jose Mari Bakero futbolari ohia eta Maite Idirin abeslaria izango dira.

Jarduera ezberdinetan aritzeagatik ezagunak edo ospetsuak diren euskal herritarrengana joko du berriro ere Pedro Mari Goikoetxea saioko gidariak. Euren bizipenen bildumatik sei argazki aukeratzeko eskatuko die, eta, horien bitartez, euren bizitzan barrena bidaia egingo dute.

Lehen denboraldian bezalaxe, '6 Argazkitan' saioko lantaldeak ahalegin berezia egingo du protagonistaren gertukoak (familia, lagunak...) biltzen eta argazkiak ateratako lekuetara joaten. Elkarrekin bizitako pasarteak eta oroitzapenak ekarriko dituzte gogora.

Jose Antonio Ardanzarekin, lehen atalean

Elorrion hasiko da Jose Antonio Ardanzaren ibilbidea, bertan jaio baitzen 1941ean. Ama ezagutzeko denborarik ez zuen izan, hiru urte eta erdi besterik ez zituenean hil baitzitzaion. Ondarroako izeba-osabengana bidali zuten, eta orduko oroitzapenez hitz egingo du Maria Isabel Solabarrieta eta Sabin Zubikarai haurtzaroko lagunekin. Berriro ere Elorriora itzulita, eskolako pasadizoak ekarriko ditu gogora ikaskide izan zituen Alberto Ibarrondorekin eta Joxe Agirrerekin.

Unibertsitate garaia eta EGIko kide izateagatik pairatutako ondorioak ere gogoan ditu Ardanzak, baita Arrasateko alkate izan aurretik Laboral Kutxan osatu zuen ibilbidea. Orduko lanerako grina gogoratuko dute Javier Erdoziarekin, eta Udaleko kontuak, Juan Mari Muruamendiaraz eta Jose Antonio Auzmendi zinegotzi izandakoekin.

Lehendakari izan zeneko garaiaz hitz egiteko, kargurako proposamena egin zion Roman Sudupe, batetik, eta gobernuan lankide izan zituen Mari Karmen Garmendia eta Bingen Zupiria, bestetik, elkartuko dituzte.

Erretiroa hartuta, familiari eskaintzen dio denbora gehiena Jose Antonio Ardanzak. Ekain biloba aitonaz mintzatuko da kamera aurrean.