Itxi

A ze banda

Gaur, 22:15ean, ETB1en

Beste sei talde arituko dira 'A ze banda!'ko fabrikan sartzeko lehian

EITB

EITB

NK3, The Kites, Sugar Beats, Living Life, Kahoz eta Twin Melody taldeak arituko dira lehian asteazkenean, eta hiruk egingo dute aurrera.

Sei talde berri arituko dira lehian gaur gauean Iban Garatek eta Nerea Rodriguezek ETB1eko 'A ze banda!' saio berriaren fabrikan sartzeko. Aste honetan, gainera, Zuriñe Hidalgo (Hesian taldeko abeslaria) eta Alex Sardui (Gatibu taldeko abeslaria) ez ezik, Miren Fernandez (Prefosta taldeko abeslaria) ere izango da epaimahiko kide, eta berak erabakiko du gaurko taldeen artean aurrera egiten lehena zein izango den. Gaurko saioan, sorpresa bat izango dela iragarri dute.

6 talde berri lehian

Irene, Ainhoa eta Ane hiru eibartar gazte dira, eta herriko koroan ezagutu zuten elkar. Ondoren, NK3 taldea eratu zuten.

Aizpea Garmendia, Leire Agirre, Eider Saez, Maddi Berrocal eta Saioa Etxebeste The Kites taldeko bost neska lazkaotarrak dira. Txikitatik dira ezagunak, eta ia gehienek musika-tresnaren bat jotzen dute. Gustukoen dituzten taldeen artean, Queen, Guns N' Roses, Coldplay eta Abba daude.

Yolanda Sanchez (Ysi Kalima), Iñigo Larrayoz, Mikel Alcasena eta Xabier Hernández Iruñeko gospel talde bateko kideak dira, eta hantxe erabaki zuten Sugar Beats taldea eratzea.

Iker Elustondo, Amaiur Azkarate eta Jone Ferreiro Durango eta Ermuko hiru gazte dira, eta Living Life taldea osatzen dute. Programara esperientzia berri bat bizitzera datoz; izan ere, aurretik ez dute inoz batera kantatu.

Kahoz taldeko Olaia Chouza, Alba Murillo, Ziggy Docherty, Haizea Docherty eta Candela Zeberio gazteek ikastolan ezagutu zuten elkar. Bost neska andoaindar hauei batez ere pop estiloa gustatzen zaie. Talde bezala ez dira inoiz jendaurrean aritu.

Paula eta Aitana Etxeberria Ordiziako bikiak Twin Melody izenarekin dira ezagunak, eta ingelesez kantatzea gustuko dute. Paulak, gainera, pianoa jotzen du, eta askotan pianoa lagun dutela aritzen dira.

Fabrikara bidean, 6 talde

Gaurko saioan aurrera egitea lortzen duten hiru taldeak Random, Irati eta Isasiko Ama taldeekin batuko dira, joan den astean fabrikara sartzeko aukeratu zituzten taldeekin, alegia. Hortaz, sei talde horiek helburu zehatz batekin abiatuko dute euren ibilbidea saioan: final handira iritsi eta talde irabazleak eramango duen 3.000 euroko saria lortzea.

Sei musika-talde hauen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, ez ezazue galdu 'A Ze Banda!' saioa gaur, 22:15etik aurrera, ETB1n.