A ze banda
Gaur
Lau talde, 'A ze banda!' saioko hurrengo fasean sartzeko lehian
EITB
EITB
Itziar Alduntzin Euskadi Irratiko esataria izango da asteazkenean epaimahaiaren gonbidatua. Sugar Beats, Twin Melody, The Kites eta Random nor baino nor gehiago arituko dira bosgarren saio honetan.
Itziar Alduntzin izango da gaur ETB1eko 'A ze banda!' saioko epaimahaiaren gonbidatua, Zuriñe Hidalgo eta Alex Sarduiri laguntzen. Hiruren artean erabakiko dute lehian jarraitzen duten lau taldeetako zeinek utziko duen saioa: Sugar Beats, Twin Melody, The Kites edo Random?
Aurreko saioetan gertatu zen bezala, asteazkeneko saioan lehiaketako antolatzaileek aldez aurretik aukeratutako abesti bat kantatuko dute. Baina, oraingoan, Koldo Uriarteren laguntza izango dute entseguetan laguntzen. Izen handiko artistekin lan egindako musikaria da, besteak beste, David Bustamante, Gari edo Mikel Urdangarin ezagunekin aritu baita. Gainera, lehiakideek sorpresa handia izango dute fabrikara heltzean.
Twin Melody bikotea osatzen duten bikiek euskaraz abestuko dute, lehiaketa hasi zenetik lehen aldiz; izan ere, aste honetan Zea Mays talde bilbotarraren "Negua joan da eta" kanta ospetsua defendatu beharko dute. Sugar Beats gospel hirukotea, berriz, Robbie Williamsen "Angel" baladarekin igoko da oholtza gainera. Aurreko astean epaimahaiaren faborito izan zen The Kites boskoteari Goseren "Lokartu arte" lana egokitu zaio. Eta, azkenik, Random hirukote bilbotarra bere errepertorioko abesti batekin lehiatuko da: One Direction talde famatuaren "Story of my life" abestiarekin.
Gauaren bukaeran, lau taldeetako batek agur esan beharko dio saioari, eta, beraz, hiru izango dira 'A ze banda!' saioan lehian jarraituko dutenak.