Itxi

A ze banda

Gaur, 23:00etan, ETB1en

Bi taldek bakarrik lortuko dute 'A ze banda!'ko finalerako txartela

Xabi Solano Esne Beltza taldeko abeslaria arituko da epaile lanetan asteazken gaueko saioan. Random, The Kites eta Twin Melody taldeak gogor arituko dira finalean toki bat lortzeko.

0:33

'A ze banda!' saioko finala ate-joka dator, baina hiru taldeek finalerdia dute aurretik. Random, The Kites eta Twin Melody nor baino nor gehiago arituko dira gaur gauean finalerako txartela lortzeko lehian; izan ere, bi talderentzako tokia besterik ez dago.

Xabi Solano Esne Beltza taldeko abeslaria Zuriñe Hidalgo (Hesian) eta Alex Sardui (Gatibu) abeslariekin batera arituko da epaile lanetan, eta bera izango da epaimahaikideekin batera izango den azken gonbidatua. Hiruren artean erabakiko dute lehiketa utziko duen taldea zein izango den, eta, ondorioz, finalera nor helduko den.

Aurreko saioetan ez bezala, programako antolatzaileek aldez aurretik aukeratutako bi kanta prestatu beharko dituzte aste honetan hiru taldeek. Emanaldia prestatzeko, Koldo Uriarte eta Eider Rodriguezen laguntza izan dute entseguetan, ahotsak eta koreografiak lantzeko. Hala ere, saioak oraindik sorpresa bat izango du taldeentzat: agertoki aldaketa. Non abestu beharko dute oraingoan hiru taldeek?

Gaurko, Random hirukote bilbotarrak Katamaloren "Betazalak eranzten" eta Back Street Boysen "Everybody" kantak egin beharko dituzte. Bestalde, The Kites boskote lazkaotarrak Urkoren "Guk euskaraz" egin beharko du, eta ingelesez arituko da lehen aldiz The Policeren "Roxanne" abestiarekin. Aitana eta Paula Etxeberria Twin Melody taldeko biki ordiziarrek Alaitz eta Maiderren "Ispilu aurrean" akustikoan taularatu beharko dute, eta Miley Cyrusen "Wrecking ball" abestu eta dantzatuko dute.

Gaua bukatzean, hiru taldeetako batek agur esan beharko dio lehiaketari. Nor geratuko ote da 'A ze banda!' saioko finalaren atarian? Random, The Kites edo Twin Melody?

Erantzuna 'A ze banda!' saioko finalaurrekoan izango duzue, gaur, 'Tribuaren Berbak' saioaren ostean, 23:00 aldera, ETB1en.